Aurkitu berriak diren grabitazio uhinen gaineko azalpenak, atzo, Bergaran

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko aza. 5a, 09:58

Jon Urrestilla grabitazio uhinen inguruko hitzaldia egiten, atzo, Laboratorium museoan.

Bergarako alkate Elena Letek zabaldu zituen atzo iluntzean Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza jardunaldiak. Grabitazio uhinen ingurukoa izan zen lehenengo hitzaldia. EHUko irakasle Jon Urrestillak egin zuen Laboratorium museoan. Gaur egingo dute jardunaldiotako nobedade nagusia den Wolfram Encounter e-sport bideo joko txapelketa.

Otsailean jakinarazi zuen Advanced LIGOko taldeak grabitazio uhinak aurkitu zituztela lehen aldi bi zulo beltzen talkak eraginda. Hain zuzen ere, zientzia esparruan aktualitate handikoa den gai hori aukeratu dute Bergarako II. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza jardunaldiei hasiera emateko.

Elena Lete alkateak egin zuen irekierako aurkezpena Laboratorium Museoan. Alkateak egitarauaren berri eman zuen eta jardunaldien garrantzia azpimarratu zuen antolatzaileek egindako lana eskertzearekin batera. 

EHUko Jon Urrestilla izan zen jardunaldiotako lehen gonbidatua. EHUko irakasleak grabitazio uhinen inguruko azalpenak eman zituen Grabitazio uhinen detekzioa. Astronomia berri baten jaiotza izeneko hitzaldian. Grabitazio uhinak zer diren eta horien inguruan zein informazio dagoen azaldu zuen. Entzuleek gustura entzun zituzten azalpenak, eta ez ziren gutxi izan.

Hurrengo ekitaldiak

Jardunaldiok jarraipena izango dute hilaren 12ra arte. Gaur bertan jardunaldietako nobedade nagusietako bat egingo dute: 28 orduko e-sport bideo joko txapelketa izango da –Aranzadiko kirolgunean; aurrez izena emandakoek parte hartu ahal izango dute–.

Txapelketaz gain, beste hainbat gauza ere antolatu dituzte: 11:00etan, Hackprende erakusketa eta birziklatutako materialekin robota egiteko tailerra –8 urtetik gorakoentzat; izena, aurrez–; 12:00etan, Juanelo Turrianok Toledon Tajo ibaitik ura igotzeko asmatutako mekanismoaren erreplika txikia aurkeztuko dute; 15:30ean, Lucas Rojo e-sport jokalari profesionalaren hitzaldia; eta 18:00etan, Zorman youtuber-arena. Domekan, berriz, 11:00etan, errealitate birtualaren gaineko hitzaldia izango da Asier Ruiz T-DEV aurkezlearen eskutik –denak Seminarioko karpan–.

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak