Kirol elektronikoak sustatzeko eta herritarrei ezagutzera emateko antolatu dute ekimena, elkarlanean, Maijokuk, Eibarko Omnis Klubak eta udalak.
Hiru joko txapelketan
Counter Strike Global offensive, Ligue of Legend eta Hearthstone jokoetan arituko dira, eta bi partidatara jokatuko dute. Plazak mugatuak izango dira –48– eta izena eman ez duena txapelketan ez jokatu arren, bertara joan daiteke ikustera.
Iker Dominguez ekimenaren antolatzaileetako baten esanetan: "Iaz egin genuen txapelketa txiki bat jokoak ezagutzeko, eta aurten zerbait handiagoa egitea erabaki dugu, 28 orduko txapelketa, hain zuzen. Nork bere ordenagailua eraman beharko du eta argindarra eta Internet, berriz, guk jarriko dugu".
Beste hainbat ekintza
Seminarioko karpan beste hainbat ekintza izango dira jokoen txapelketaz gain. Zorman izeneko youtuber-a izango da hitzaldia ematen. "Youtuber-a da, eta bere esperientzia kontatuko digu honetaz bizi denak". Horrez gain, EA Sports-eko profesionala den Lukas Rojo ere bertan izango da. "Iaz Espainiako liga irabazi zuen League of Legend jokora jokatzen, eta hau ere bere esperientzia eta bizitza kontatzera etorriko da".
Azkenik, hitzaldiez gain, material birziklatuekin errobotak egiteko ikastaroa egongo da umeentzako.