Garitano: "Partida nekeza izango da Realaren aurkakoa, baina irabazteko ahaleginak egingo ditugu"

Josu Bilbao Atxutegi 2016ko urr. 26a, 16:25
Asier Garitano. Argazkia: LaLiga.

Ligak 2015/2016 denboraldiko Bigarren Mailako teknikari onena izendatu du Leganes taldeko bergararra. 2. mailako taldeetako jokalariek aukeratzen dute sariduna, eta horrek saria "berezia" egiten duela azpimarratu du Asier Garitanok.

Pasa den denboraldiko Bigarren Mailako entrenatzaile onenaren saria jaso berri duzu. Berezia izan da zuretako ezta?

Lehenengo aldiz igotzea lortu genuen, eta azkenean sari horiek horregatik izaten dira. Baina niretako oso pozgarria izan da entrenatzaile onenaren sari hori talde bakoitzeko jokalariek erabakitzen dutelako. Eta horrek ilusioa ematen dizu. Baina hori jada pasatu da, eta orain lanean jarraitu behar dugu.

Urte polita Leganesendako. Borrokan murgilduta zaudete 10 punturekin sailkapenean. Nola daramazue denboraldia?

Apur bat egokitzen. Guk ez dugu ezagutzen Lehenengo Maila, eta maila batetik bestera taldeek egokitze hori egin behar izaten dute. Diferentzia handia dago. Beraz, apurka ikusi behar dugu nola goazen, eta astero gauzak ikasten joan behar dugu. Poliki-poliki edozeinekin lehiatu behar dugu. Orain arte sentsazioak nahiko onak dira.

Entrenatzaile moduan aldaketak ere nabaritu dituzu Bigarren mailarik Lehenengora?

Futbola aldatzen da azkenean. Ikusi behar dituzu 2.B edo 2. mailan egiten zenituen gauza batzuk, agian orain ezin dituzula egin, eta gauza batzuk hobetu behar direla. Baina betiko antzera. Egokitu, ikasi, gauzak moldatu, baina poliki-poliki. Gauzak hobeto irteten dira lasaitasunarekin, eta Leganesek horixe du.

Zuon arma garrantzitsu bat denboraldi honetan Butarquen indartsu mantentzea izango da. Oraingoz ez duzue partidarik irabazi etxean hala ere...

Beti izan da horrela. 2. B mailan errazagoa izaten zen, eta gero 2. mailan eman genituen bi urteetan ere partidu gutxi galdu genituen etxean. Orain, Lehenengo Mailan asmoa hori da, baina ezberdintasunak handiak dira. Etxean ez dugu oraindik partidurik irabazi, baina egia da aurkariak oso indartsuak izan direla: Bartzelona, Atletico Madril, Sevilla eta Valentzia. Talde onak etorri dira ona, eta horrek laguntzen digu ere jakiteko 1. maila zer den. Hala ere egia da etxean indartu behar garela. Ea ostiralean Realaren aurka aurreneko partida irabazten dugun.

Izan ere aurten bost euskal talde daude 1. mailan, eta horien aurkako lehenengo partida jokatuko du Leganesek, Realaren kontra. Partida berezia izango da zuretako?

Bai, berezia da. Asmoa partida ona egitea da, Realari irabazteko egin beharko dugulako. Ondo jokatu zuen Alavesen aurka, 3-0 irabazita, eta taldeak ondo jokatzen du, eta guk lan asko egin beharko dugu partidu hori aurrera ateratzeko. Hala ere, guk etxean jokatzen dugu eta indartu behar dugu. Ea puntuak ateratzen ditugun, hori baita funtsezkoa. Partida nekeza izango da baina ahaleginak egingo ditugu Realari irabazteko.

10 puntu dituzue sailkapenean eta Reala, 7. sailkatua, 3 puntura duzue. Irabazi ezkero gainera aurrerapauso polita emango duzue sailkapenean...

Bai, guretako partidak irabaztea pauso handia izaten da. 10 puntu ditugu, 3 partidu irabazi ditugu kanpoan, eta ea etxean ateratzen ditugun. Guk salbazioa dugu helburu bezala, denekin lehiatu, baina etxean garaipen bat falta zaigu burutuik hori kentzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak