2017ko ordenantza fiskalak, onartuta

Julen Iriondo 2016ko urr. 25a, 15:03

Bergaran osoko bilkura izan zen atzo, eta bertan onartu zituen udalbatzak 2017rako ordenantza fiskalak. Gobernuak bakarrik bozkatu zuen alde, baina oposizioak ere nabarmendu zuen hainbat puntutan adostasunera iristeko gai izan izana.

Atzoko osoko bilkuran 2017ko ordenantza fiskalei dagokienez lortutako adostasun maila azpimarratu zuten EAJk eta EH Bilduk: "Hainbat puntutan adostasunera heldu gara, eta hori aipatzekoa da. Denon lanari esker izan da, oposizioaren eta gure lanari esker", zioen Elena Lete alkateak; "Guk, Gobernuan egon ginen zortzi urteetan ez genuen inongo ekarpenik jaso, eta ez dugu konpartitu izan oposizioa egiteko modu hori. Beste modu baten sinesten dugu eta hori nahi dugu aurrera eramatea, eta hori egiten saiatzen gara", EH Bilduko Leire Iruinek.

Eta adostasun handiagoa ere posible zatekeela azaldu zuen EH Bilduk, eta lortu ez bada EAJk gauzak lantzeko nahikoa denbora eman ez dielako izan dela; hori zuzentzeko eskatu zuen koalizioak.

Orokorrean, zergak KPIa adina igoko dira datorren urtean; KPIa negatiboa bada, ez da aldaketarik egongo aurtengoekiko. Badira, ordea, salbuespen batzuk, eta hobarietan ere izango dira aldaketak.

Tarifa sozial berria ezarri dute Agorrosinen, eta neurri bera aplikatuko dute Osintxuko, Angiozarko eta Oxirondoko ludoteketan ere. Azken hori izan da EH Bilduk EAJrekin adostutakoetako puntu bat. Beste batzuk aipatzen hasita, koalizioa pozik agertu zen energia efizientzia ikuspegitik etxebizitza birgaitzeagatik jaso beharreko hobaria %100ean mantentzearren; %70era jaistea ei zen EAJren asmoa. Ekonomia jardueren gaineko zergan ere %25eko hobaria adostu zuten, enpresaren tamainaren arabera euren lantaldea %10 edo %20 handitzen duten enpresentzat. "Hasiera batean zegoen planteamenduarekin ikusten genuen enpresa txikia kaltetua ateratzen zela, eta eskatu genuen proportzionala izatea, enpresa txikia babestu ahal izateko, eta azkenean lortu da", zioen EH Bilduko Iruinek.

Desadostasunei dagokienez, EH Bilduk eskatu zuen aurtengo %20ko igoera zuzendu eta Agorrosingo tasak %10 jaistea. Azaldu zuten igoerarekin abonatuen %8 galdu dituela Agorrosinek, eta, horrela, %20ko igoerarekin zerbitzuaren defizita 180.000 euro murriztetik –Gobernuak helburu jarritakoa– nahikoa urrun geratuko direla; alkateak, ostera, Agorrosingo kirol jarduera mantendu egin dela zioen, eta erlatibizatu egin zuen bazkide galera: "Agian, hortik atera direnak dira erabiltzen ez zutenak, bazkide zirenak baina erabiltzen ez zutenak. Besteek jarraitu egin dute, eta hori demostratu da urtean zehar", zioen alkateak. Eta Leire Iruinek, berriz: "Autofinantzaketa dutela helburu, baina ez da pribatua; zerbitzu publiko bat da eta izaera hori mantendu behar zaio, eta tasen %20ko igoera batekin hori ez da mantentzen".

Zenbakiak laster izango dituztela baina alkateak itxaropena agertu zuen iazko igoerak balioko duela Agorrosinen defizitaren neurri gabeko goranzko joera eteteko. 2017an %1 igoko dira Agorrosingo prezioak. Horrez gain, Elgetako eta Antzuolako Udalek finantzaketan parte hartzeko adostasunik lortu ez eta Bergaran ez erroldatutakoen errekargua %25etik %30era pasatuko da.

Bestalde, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan emisiorik gabeko ibilgailuek %95eko hobaria izango dute, eta hibridoek %80koa.

Irabazik hainbat emendakin aurkeztu zizkien ordenantza fiskalei, baina gehienak atzera bota zituzten, nahiz eta zenbaitek EH Bilduren babesa jaso, ez horrela Gobernuarena. Azokara bertako produktuak eta produktu ekologikoak eramaten dituzten baserritarrei tasan hobaria aplikatzea eskatzen zuena izan zen horietako bat. Alkateak azaldu zuen ezin dela gehiago handitu kaleko dendariek duten desabantaila azokakoekiko: "Kaleko dendariek nahiz eta hemengo produktuak saldu eta batzuek ekoiztu ere bai, beste baldintza batzuk dituzte. Azokako baldintzak hobeak dira, eta hori mantendu egingo dugu. Azokako tasaren igoera KPIa izango da, izatekotan", zioen alkateak.

Aiert Lizarraldek azaldu zuen, orokorrean, benetako lan on bat egitetik oso urrun daudela Bergarako Udalean: "Agintaldi hasieran eskatu genuen gai garrantzitsu denetan mahai sektorialak sortzea, baina ez zegoen inongo asmorik. orduan, iristen zara ordenantza fiskal hauetara eta konturatzen gara ez dugula lanketa handirik egin".

Azkenean, Gobernuaren aldeko botoekin eta oposizioaren kontrakoekin onartu ziren 2017rako ordenantza fiskalak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak