Lazpiurrek Cy-Time enpresa txinatarrarekin hitzarmena egin du, Txinan Lazpiurren makinen zerbitzu komertziala eta teknikoa eman dezan. Lazpiurren inspekzio-makinen banatzailea da Cy-Time Txinan sei urtetik hona.
Kolaborazio hori handituz, Lazpiurrek Txinan hedatzeko pauso garrantzitsua eman du. Txinako merkatuak garrantzi handia du Bergarako enpresarendako.
Lazpiurreko Salerosketa Sailaren esanetan, “beste enpresa batzuek makina bat saltzen dute, eta, arazoren bat baldin badauka, inor ez da haraino joaten hura begiratzeko. Aldiz, Lazpiurrek makina bat saldu eta, aurrerago, edozelako zerbitzuren bat behar badu, guk eman egiten diogu; hemen, Alemanian edo Txinan. Horrek beste batzuengandik desberdintzen gaitu”.
Cy-Timeko langileek oso ondo ezagutu behar dituzte Lazpiurren makinak. Hori dela eta, Cy-Timeko langile batzuk Bergarara etorri dira bertatik bertara makina horiek nola dabiltzan ikasteko eta formazioa jasotzeko.