Duela 80 urte fusilatuak izan ziren osintxuarrak gogora ekarriko dituzte

Maite Txintxurreta 2016ko urr. 14a, 19:10

Fusilaketen 75. urteurrenean osintxuarren omenezko eskultura jarri zuten

Hitzaldiak, lubakietara bisitak eta Joseba Tapiaren kontzertua izango dira domeka honetan hasita. Frankismoaren biktima izan zirenak omendu eta memoria gordetzea du helburu ekimenak.

1936ko urriaren 20an tropa frankistek bost osintxuar fusilatu zituzten: Ricardo Zangitu, Tomas eta Ildefonso Iñarra anaiak, Rufino Akizu, eta Jose Garaikoetxea ziren. Orain, 80 urte igaro diren honetan, auzokideek gertaera oroitzeko egitarau berezia antolatu dute. Duela bost urte ere egin zieten omenaldia, eta  Osintxuko sarreran beraien omenezko monolitoa jarri zuten, fusilatu zituzten inguruan, hain zuzen.

Datozen hitzorduak

Lehen hitzordua domeka honetan izango da, hilak 16. Osintxuko plazatik abiatuta, Krabelinaitzera joango dira lubakiak ikustera.

Urriaren 20an, berriz, fusilaketen urteurren egunean, Josu Txuekak hitzaldia eskainiko du Osintxuko liburutegian: 1936ko altxamendu faxistaren zergatiak. Desagertuak, fusilatuak. Zenbat dira? Non daude?. Xabier Arregi antolaketa taldeko kideak azaldu du ekimen honen bidez bost osintxuarrez gain "Euskal Herrian izandako fusilatu eta desagertu guztiak" gogoratu nahi dituztela.

Memoria gordetzeko asmoarekin lotuta, urriaren 22rako Intxortako lubakietara bisita gidatua antolatu dute. Autobus zerbitzua jarriko dute, eta izena eman daiteke Txuringo eta Euskalduna tabernetan eman daiteke.

Joseba Tapia

Egun berean, hilaren 22an, kontzertu berezia izango da Osintxuko plazan. Joseba Tapia eta Besamotzak taldeak zuzenekoa eskainiko du. Tapia ibilbide luzeko musikaria da, eta proiektu berriarekin dator oraingoan. Ibilbide horretan gerrako errepresaliatuekiko konpromisoa erakutsi izan du; hala, esaterako, 2001ean kaleratutako Agur Intxorta Maite lanean gudako kantuak batu zituen. Horregatik, artista "aproposa" iruditu zaie antolatzaileei.

Omenaldia

Omenaldi egun nagusia, berriz, urriaren 23a izango da, domeka. Eguerdian fusilatuen omenezko meza izango da, eta ondoren monolitorantz abiatuko dira. Bertan, lore eskaintza egingo diete, eta aurreskua ere dantzatuko diete.  Bergarako soka taldeak ere parte hartuko du omenaldian. Osintxuar fusilatuen ondorengoak izango dira omenaldi horretan.

Egitarau osoa

  • Urriak 16, domeka

10:00 Lubakiak ikustera Krabelinaitzera.

  • Urriak 20, eguena

19:30 Josu Txuekaren hitzaldia liburutegian.

  • Urriak 22, zapatua

Goizez Intxortara igoera eta ikustaldi gidatua.

20:00 Joseba Tapia.

  • Urriak 23, domeka

12:00 Meza fusilatuen omenez

12:45 Martxa Osintxutik monolitoraino.

13:00 Omenaldia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak