Euskal Herrian eta Estatuan zegoen hutsunea betetzeko asmoarekin abiatu zuen Bergaran jaiotako taldeak 1991. urtean Mostra. Txikia eta familiarra bada ere, dagoeneko nazioarte mailako 140 artista eta konpainia baino gehiago ekarri ditu Bergarara.
Zazpi saio, hainbat aretotan
Ezaugarri eta jatorri askotariko konpainiak batuko dituzte; hori horrela, besteak beste, Argentinatik, Frantziatik eta Gaztela eta Leondik etorriko dira. Aurrekoetan moduan, herriko hainbat txoko areto bihurtuko dituzte: Zabalotegi eta Aroztegi aretoez gainera, San Martin plazan eta gaztetxean ere izango dira. Emanaldi guztiak dohainik dira, baina edukiera mugatua izango dute.
Stop-Motion tailerra
Berrikuntzak ere izango dira; horien artean urriaren 22an, zapatua, 10:00etatik 14:00ra egingo duten animaziozko film laburren tailerra. Hutsetik ikasteko pentsatuta dago, eta argazkien bitartez, bizigabeko objektuei bizitza ematen ikasteko asmoa du. Parte hartzaileek euren telefonoa edo tableta erabiliko dute. Izena emateko 943 77 91 59 zenbakira deitu edo idatzi kultura@bergara.eus helbidera.