Ekimen berri batekin dator hilabete honetako herriko kultura egitaraua. Horren baitan, hiru kontzertu izango dira auzoetan. Lehendabiziko emanaldia zapatu honetan izango da, hilak 8, San Juanen, Obieta Auzo Elkarteak Udalarekin batera antolatuta. Sarrera doan izango da, bai zapatuko kontzertuan, baita datozen bietan ere.
Udalak auzoetako bizilagunekin bilerak egin zituen uda aurretik, eta erabaki zuten datozen hiru urteotan, urtero bi auzotan, kultura ekimenak antolatzea, beti ere auzotarrek proposatutakoari jarraituz. Hala, San Juan eta Osintxu auzoekin dabiltza orain elkarlan horretan, eta urriko emanaldi horiek bertako elkarte eta auzotarrek proposatutakoak dira, Maite Agirre kultura zinegotziak azaldu duenez.
Zapatuan, La Jose
La Joseren kontzertua San Juango ermitan izango da, 20:00etan hasita. Artista madrildar honek flamenko fusion estiloa jorratzen du. Hala, flamenko tradizionala oinarri hartzen du, baina bestelako estiloak ere txertatzen ditu bere musikan; esaterako, soula, runba edo arabiar musika, baina baita rapa ere. Bere azken diskoa aurkezten dihardu orain, Espiral izenekoa, eta ondoan izango ditu Jose Luis Monton gitarra jolea eta Ivan Mellen perkusio jolea.
Bergaratik joan-etorria egiteko autobus zerbitzua izango da. Hala, Joateko bi zerbitzu egongo dira; 19:30ean eta 19:45ean. Biak Oxirondotik aterako dira eta Uberatik pasa ondoren, San Juanera joango da. Itzulerakoa, berriz, 21:30ean izango da.
Bi hitzordu Osintxun
Bigarren kontzertua Osintxun izango da, hilaren 9an, Udal Musika Bandak eskainita. Eguerdiko 12:30ean hasiko da, eta Sorozabalen Deba euskal martxa, Van Calsterren Via Aurelia, Caballeroren Gigantes y cabezudos zarzuela eta Loeweren My Fair Lady musikala interpretatuko dituzte.
Hirugarren hitzordua ere Osintxun izango da, urriaren 22an, hain zuzen. Joseba Tapia trikitilari famatuaren kontzertua izango da 22:00etan plazan.