Telesforo Aranzadi kalean etxebizitza eta trastelekua utzi zizkion herritar batek Udalari hil zenean, eta hura saldu eta salmentatik ateratako dirua herriko txiroentzat izan zedin eskatu zuen. Salmentarako baldintzen plegua onartzea zegoen atzoko osoko bilkurako puntuen artean. Plegu horren arabera, etxebizitzaren gutxieneko lizitazio-oinarria 143.000 eurokoa izango da. Hortik gora, kopururik handiena eskaintzen duenarentzat izango da etxebizitza.
EH Bilduk eskatu zuen gaia mahai gainean uztea, plegua elkarlanean aztertu eta gutxieneko diru kopuruaz gain beste baldintzaren bat jar ote daitekeen ikusteko: "Goazen ikustera ea salmentatik bertatik bestelako baldintza batzuk ere jar ditzakegun, herriko pobreei mesede egiteko edo, behintzat, ez kaltetzeko; ze, une honetan dagoen bezala, irizpide bakarra da diru gehien duenak etxe hori erosi ahal izango duela. Gure ustez, tarte bat egon daiteke bestelako puntu batzuk sartzeko", zioen Agurne Barrusok.
Elena Lete alkateak adierazi zuen ez dela posible pleguan bestelako baldintzarik sartzea, etxebizitza eman zuen herritarraren testamentua irakurrita Udaleko idazkariak egindako txostenak agintzen duela salmentatik ahalik eta diru gehien atera beharra, gero hori txiroen esku uzteko: "Udalak etxe horretatik lortu behar du ahalik eta diru gehien, ahalik eta diru gehien emateko Bergarako txiroei. Horrela jokatuko ez bagenu, Udal idazkariaren txostenaren kontra joango ginateke, eta Udal idazkariak zerbait esan beharko luke, legezkontrakotasun-ohartarazpen bat egin beharko luke", zioen alkateak. Behin salmentako dirua esku artean, orduan bai, diru hori txiroengana nola bideratu alderdien artean adosteko gertu agertu zen.
Ez da lehen aldia Bergarako Udalak prozesu hau martxan jartzen duena. Aurreko agintaldian, Bildu Gobernuan zela ere saiatu ziren etxebizitza saltzen, nahiz eta salmenta ez zen gauzatu. Orduko baldintza plegua oraingoaren bera zela-eta, orduan bultzatutakoa orain zergatik ez duten babesten galdegin zien Letek EH Bildukoei, eta adierazi hau dela "argudiorik gabe kontra egitea".
Agurne Barrusok dio baietz, lehen Bilduk bultzatu zuela salmenta baldintza beretan, eta ez daudela ados orduan euren taldeak egin zuenarekin ere, euren irizpidea beste bat dela gaur egun. Irabaziko Aiert Lizarraldek ere gaia mahai gainean uztea eskatu zuen, adieraziz berak aurreko astera arte gaiaren berri ere ez zuela.
Oposizioko alderdiek plegua onartzearen aurka bozkatu zuten. Baina gehiengoak plegua onartuta, lizitazioaren iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzetik 30 egunekoa izango da eskaintzak aurkezteko epea. Udaleko erregistroan aurkeztu behar dira eskaintzak.
Beste gai batzuk
Bestalde, taxi zerbitzuaren tarifen gaineko puntua aprobetxatuta, mugikortasunaren arazoa era integral batean landu beharra aldarrikatu zuen Irabazik: "Bergaran, une honetan, autoa da mugikortasunaren zutabe nagusia, eta guk uste dugu poliki-poliki jo behar dugula beste herri mota batera mugikortasun arloan". Alkateak gogora ekarri zuen Mugikortasun Mahai bat badela gai hauek lantzen dituena.
Gainerakoan, Udal aurrekontura ia 213.000 euro gehiago bideratzea onartu zuen udalbatzak EH Bilduren eta Irabaziren abstentzioarekin: diruaren zati handiena izango da zabor bilketarako, informatika ekipamendurako eta baserri bideetarako.
Azkenik, Martinez Irala ikastetxean izandako suteak eragindako ia 87.000 euroko gastua ere onartu zuten.