Ibilgailurik gabeko eremu handiagoa aldarrikatu dute umeek Bergaran

Julen Iriondo 2016ko ira. 22a, 15:27
Umeak Bidekurutzeta kalean, bidean marrazkiak egiten.

Bidekurutzeta kalean, bide erdian, umeak jarrita marrazkiak egiten eta margotzen; handik gertu, San Martin plazan, motor hots bakarra puzgarriak aireztatzeko sorgailuena; eta herrian barrena, ikastetxerik ikastetxe, ume eta bizikleta tropel handi bat –hiru ikastetxeetako 250 neska-mutiko– errepidearen jabe. Autorik Gabeko Eguneko ekintzak izan dira.

Eta, eguerdi aurretxoan, batean eta bestean ibilitakoek plazan egin dute bat, egunerako prestatutako manifestua entzuteko.

Sei ikaslek –ikastetxe bakoitzetik bi– izan dute idatzia irakurtzeko ardura: "Gaur arazorik gabe jolastuko gara, plazan, Bidekurutzetan eta Barrenkalen. Baina, guk, nahiko genuke gaurko moduan egunero jolastea, eta ez bakarrik Barrenkalen, plazan eta Bidekurutzetan, baizik eta herri guztian. Jolasten garenean, kotxeak beti traban egoten dira, eta gu beti kotxeak zaintzen ibili behar gara; ez gaude ados. Guk nahi duguna da Bergaran askoz kotxe gutxiago egotea; gure desplazamendu guztiak kotxez egin beharrean, bizikletaz, oinez edo patinetean egitera gonbidatzen zaituztegu", adierazi dute neska-mutikoek.

Ikasleen ekimenez egin da, hain justu, aurten lehenengo aldiz, Autorik Gabeko Eguna, eurek Eskolako Agenda 21ean proposatuta; eta Udalak aintzat hartu du eskaria. Elena Lete alkateak ohiturak aldatzera gonbidatu ditu herritarrak: "Helduon kezka handi bat da aparkatzeko leku gutxi daudela. Baina Bergara oso herri egokia da oinez eta bizikletaz ibiltzeko".

Erlazionatuak

Autorik Gabeko Eguna Bergaran

Julen Iriondo 2016 ira 22 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak