Joan den urtean bezala, 16 urtetik gorako zazpi bikotek eman dute izena txapelketan, guztiak gipuzkoarrak. Horien artean, Julen Murgiondo eta Saioa Galarraga bergararrak daude. Bikote horrendako aurreneko urtea da nagusien kategorian. Aurreko urteko txapeldunak ere, Xabier Artola (Irura) eta Idoia Besada (Pasaia), taula gainean izango dira. Trikitilariek joko dituzten fandangoa eta arin-arina dantzatu beharko dituzte bikote guztiek.
Urriaren 15ean Seguran jokatuko den Euskal Herriko txapelketa gertu dagoela kontuan izanik, Bergarakoa prestaketa moduan erabiliko dute dantzariek.
Baloratzeko bost irizpide
Bergarako Musika eta Dantza Eskolako idazkari Nekane Gabilondoren esanetan, dantzariei puntuak emateko orduan bost irizpide erabiliko dira: pausoen trebezia eta kalitate teknikoa, gorputzaren jarrera, arlo artistikoa, erritmoa eta akatsak, hain zuzen ere. "Pausoei dagokienak gerritik beherakoari egiten dio erreferentzia. Gorputzaren jarrera, ostera, gehiago zentratzen da sinkronizazio, koordinazio eta oreka kontuetan. Arlo artistikoan, dantzarien estiloa baloratuko da eta erritmoari dagokionez, besteak beste, hasierak, amaierak eta pausoen azentuazioa".
Dantzariak akatsen bat eginez gero, bikoteari puntuazioa jaitsi egingo zaio, betiere, "akatsaren arabera". Honen harira, epaimahaia Euskal Dantzari Biltzarrak izendaturiko hiru kidez egongo da osatua.