Aurreko ikasturtean horretan aritu dira lanean Karmele Zuatzubizkar eta Xiberu Etxebarria, Arrasateko eta Getxoko udal euskaltegietako irakasleak. Egindako lana aurkeztuko dute: "Ikasle batek euskaraz ezer ez jakitetik adituaren gaitasuna izan arteko ibilbidea zehazten".
Curriculumaren helburua: datozen ikasturteetarako lan ildo nagusia finkatzea, udal euskaltegi guztiei norabide berean lan egiteko aukera emango diena. Halaber, Europako Hizkuntzen Erreferentzia Marko Bateratuarekin bat etorriko da (maila homologatuak...).
Curriculumaren ildo nagusiak:
- Euskaraz egitea da helburu nagusia, ez "ikastea".
- Ekintza komunikatiboan oinarritutako prozesua, egoera errealetan.
- Gizartearen beharretara egokitua.
- Ikaslea protagonista izango duena, erabiltzaile.
- Ikaslearen autonomia sustatuko duena.
- Udal Euskaltegien arteko elkarlana bultzatuko duena.
Ez da hor amaituko elkarlana. 23ko aurkezpenean aurkeztuko duten dokumentuaren ostean, Bergara, Oñati, Eskoriatza, Aretxabaleta eta Arrasateko udal euskaltegiek elkarlanean jarraituko dute, curriculuma debagoiendarren premietara egokitzeko .