Udako oporretatik buelta leuntzeko jaiak ospatuko dituzte urtero legez Osintxun. Gaur hasi eta domekara bitartean izango dira Kofradixak. Ohiko hitzorduez gain, nobedadeak ere izango dira.
Berrikuntzen artean, nabarmentzekoena musikarekin dago lotuta. Aurten, lehenengoz, Osintxun Musikara izeneko lehiaketa egin dute taula gainean izango diren taldeak aukeratzeko.
Gaur, mozorroak soinean
Gaur, egubakoitza, 18:00etan etxaflero jaurtiketak emango die hasiera jaiei, eta jarraian Soraluzerantz abiatuko dira bizikletak hartuta eta mozorroak soinean. Han mokadutxoa egin eta Osintxura itzuliko dira, Bergarako Mokoloen aurka futbitoan jokatzera, mozorro eta guzti.
Gero, buruhandiak ibiliko dira kalerik kale, eta gauez, 22:30ean, Osintxun Musikara! lehiaketako finala izango da.
Osintxun Musikara!
Gaur gauean izango da finala, 22:30ean hasita. Lehiaketara aurkeztutako taldeen artean finalistak honezkero aukeratu ditu antolakuntzak, eta agertokian arituko dira seiak: Moon Shiners (Durango), Hoax Attack (Santurtzi), Oso Basatis (Plaentxi), Perlata (Arrasate), The Grace of Dionysus, (Zumaia) eta The Vartools (Eibar). Talde irabazleak 500 euroko saria jasoko du, eta bigarrenak 200 eurokoa.
Zapatuko hitzorduak
Bihar goizean umeendako jolasak izango dira, eta eguerdian, berriz, 12:30ean, bertso baserri poteoa, Lekaixoka taldeko bertsolariek lagundutako luntx eta guzti.
Gero, 15:00etan, koadrilen bazkaria egingo dute frontoian. Norberak bere bazkaria ekarri beharko du, eta jai batzordeak suak jarriko ditu janaria berotzeko.
Arratsaldez elektrotxarangak alaituko ditu kaleak, 18:00etan gastronomia txapelketa izango da. Auzoko sukaldariek patatak "osintxuar erara" prestatu beharko dituzte, txorixoarekin eta saiheskiarekin.
Gero, toka txapelketa izango da, eta 21:30ean herri afaria. Hainbat sari banatuko dituzte, eta gauez erromeria izango da plazan. 03:00etan, berriz, "salda magikoa egiteko sua piztuko dute.
Azken eguna
Domekan, gaupaseroek kulero, kaltzontzilo eta tanga lasterketa izango dute goizaldeko bostetan, eta gero salda banaketa eta gaupaseroen argazkia.
Ohera goiz joan direnek berriz, meza izango dute 11:00etan, eta 12:30ean zezenak izango dira. Arratsaldez pilota partiduak izango dira frontoian, eta iluntzean pintxo potea. 20:00etan Urrezko Kofradeari saria emango diote, 22:00etan etxafleroekin agurtuko dituzte Kofradixak.