Entrenatzen zebilela, Espainiako selekzioaren deia jaso zuen Jokin Etxabe bergararrak Etorkizuneko Tourrean gaixo zebilen Enric Masen tokia hartzeko: "Ni nengoen lehenengoa erreserban eta parte hartzeko aukera nuela esan zidaten, eta baietz esan nuen. Esperientzia polita izan da. Zortea izan dut, eta gainera aukera aprobetxatu dut".
Espainiako selekzioko taldekideekin "gustura" ibili da Etorkizuneko Tourrean Jokin Etxabe. "Batzuk ezagutzen nituen, eta Muriaseko bat ere bazegoen. Giro ona izan dugu gure artean", esan du Bergarako ziklistak.
"23 urte azpiko munduko sei txirrindulari onenak daude selekzio bakoitzetik, eta gehienak profesionalak dira. Ni moduan, profesionalak ez direnak oso gutxi izan gara. Beste erritmo baten joaten dira, eta beste maila bat dela esan daiteke", azaldu du Etxabek.
Sailkapen nagusian 37. gelditu da bergararra: "Pena izan da etapa batzuetan aurreneko 20en artean ere sartzeko aukera edo gaitasuna izan dudalako, eta anbizioarekin gelditu naizela esan daiteke. Hala ere, hain luzeak diren mendateetako sarrerak indartsu egiten dira, lehenengo bost edo sei minutuak, eta oso azkar egiten zirenez asko sufritzen nuen. Gero gorputzari buelta ematea lortu nuen, eta hobeto joaten nintzen. Azkenean ni ez nago ohituta. Hala ere, profesionalak ez diren txirrindularien artean 5. gelditu naiz, eta horregatik batez ere oso pozik nago".
Denboraldia bukatzeko lau proba gelditzen zaizkio Etxaberi, aurten agur esango duen Seguros Bilbao taldearekin: "Polita izango litzateke Etorkizuneko Tourretik ekartzen dudan pedal kolpe hori hemen erakutsi ahal izatea. Lasterketa bat irabazi ahal dudan, edo behintzat oso gertu ibili. Taldea desagertu egingo da, eta eurei ere egiten duten lana zenbakiekin edo emaitzekin bueltatu nahi diet".