Lazkano artista bergararraren atzera begirakoa urriaren 16ra arte Kursaalen

Eneko Azkarate 2016ko abu. 26a, 09:24

Jesus Mari Lazkano (Bergara, 1960) artistaren erakusketa antologikoa urriaren 16an ikus daiteke Donostiako Kubo-Kutxa aretoan (Kursaal). Lehen aldia da Lazkanok era honetako erakusketa bat antolatzen duela erakusketa areto ospetsu horretan. Uztailaren 21ean inauguratu zuten Lazkanoren atzera begirako lehen erakusketa handia.

Ehun lan baino gehiagoren (formatu handiko margolan, marrazki, ohar-koaderno eta abarren) bidez hiru hamarkada baino gehiagotan egin duen arte-ibilbidea erakusten da Lazkano Ikusmira erakusketan.

Javier Gonzalez de Durana da erakusketaren komisarioa. Haren hitzetan, Lazkanok Donostian ikusgai duen erakusketak agerian uzten duen pintura-bilakaera "elkarri lotuta dauden bi kausaren emaitza" da. Alde batetik, hausnarketa-bidaia bat da; bertan aztertu ditu artistak pintura ogibide bezala, irudi piktorikoa irudikapen bezala eta natura inguru bezala. Bestalde, aldian behin hainbat geografiatan egindako bidaiak ditugu. Batzuetan, oso gertukoak dira geografia horiek, eta beste batzuetan, aldiz, urrunekoak bezain imajinarioak dira. Haren pintura, beraz, artearen historian eta historikoki artearen eraginpean egon izan den munduan zehar egindako joan-etorria da.

Jarduera paraleloak

Erakusketarekin batera, familiendako tailerrak egiten ari dira zapatuetan, 12:00etatik 13:30era. 5 eta 11 urte arteko haurrendako, helduek lagunduta.

Proposatzen duten lantegi edo tailerrak galdera honi erantzun nahi dio: Bada norbait hor?. Antolatzaileen esanetan, parte-hartzaileak Lazkanoren "paisaia misteriotsuetan" murgilduko dira, haren "eraikin hutsetara" sartuko dira, "ikusten ez diren bizitzak" irudikatuz, arrazoiren batengatik ezkutatzen diren pertsonak bilatuz. Eta paisaia hiperrealista propioa eraikitzeko trikimailu batzuk ikasiko dituzte.

Bestalde, Kubo-kutxa aretoak doako bisita gidatua ere eskaintzen ditu zapatuetan 18:30ean euskaraz eta 19:30ean gaztelaniaz, aurrez izena ematea, beste egin beharrik gabe.

Katalogoa

Kubo-kutxa aretoak egiten dituen erakusketa guztietan ohikoa den bezala, oraingoan ere 220 orrialdeko katalogoa argitaratu du, bertan erreproduzituz erakusketan dauden lanak, baita Javier Gonzalez de Durana komisarioaren eta Jesus Mari Lazkanoren beraren azalpen-testuak ere.

'La Catedral nevada', 1987, erakusketako artelanetako bat.

 

Datak eta ordutegiak

Artista bergararraren atzera begirako erakusketa zabalik izango da jendearentzat kubo-kutxa aretoan urriaren 16ra bitarte, martitzenetik domekara, honako ordutegiarekin: 11:30-13:30 eta 17:00-21:00. Sarrera doakoa da.

Ibilbide oparoko artista

Jesus Mari Lazkano (Bergara, 1960), artista izateaz gain, Euskal Herriko Unibertsitatean pintura Saileko irakasle titularra da, bertako Arte Ederretako fakultatean lortu zuelarik 1994an doktore-titulua tesi honekin: De la distancia entre lo formal en arquitectura y la arquitectura como imagen. Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren akademiako kide ere bada aurtengo udaberritik. Bergarako Olaso Dorrean dauka egoitza Jakiundek.

Euskal Herrian egindakoez gain, bakarkako erakusketa asko egin ditu AEBetan, Txinan, Suitzan, Indonesian, Espainian eta Italian. New York, Chicago, Dallas edo Erroma hirietan egindako egonaldiek gaika ondoz ondoko serietan egituratu dute haren lana, etengabeko erreferente bihurtuz haren margolaritzan.

Pintura leku publikoan integratzeaz interesaturik, tamaina handiko lan garrantzitsuak egin ditu, adibidez, Cesar Pelli-ren Iberdrola Dorrean, 6 x 15 metroko lan batekin.

1985ean Gure Artea saria eman zioten eta 2007an Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Titanio Saria, arkitektura-ezaupideak erabiltzen dituzten artistak saritzen dituena. Aurten bertan Jakiunde-Euskal Herriko Zientzia Arte eta Letren Akademiako kide oso izendatu zuten.

1998an Erromako Arte Ederren Akademian eman zioten saria, eta ordudanik harreman estua du Italiarekin. Bere lanarekin batera, bere bidaietan egindako marrazki-koadernoen argitalpen faksimile zainduak daude, eta katalogo monografiko ugari egilearen testuekin.

Bere erakusketen artean, nabarmentzekoak dira Bilbon egindako hiru hauek: 2003an BBK Aretoan; 2007an bakarkako erakusketa Guggenheim Museoan; eta 2010ean atzera begirako erakusketa handia Arte Ederren Museoan, inflexio-puntua izan zelarik paisaiari beste era batera begiratzeko.

Bere lana hainbat herrialdetako bilduma eta museoetan aurkitzen da, adibidez, Château du Montbéliard museoan, Hong Kong eta Los Angeleseko Colecione Bulgary-n, Washingtongo International Finance Corporation-en edo Bilboko Guggenheim eta Arte Ederren museoetan.

2012tik Euskal Herriaren eta New Yorken artean bizi da, eta data horretatik aurrera gertatzen da gai-biraketa haren lanean, batez ere paisaia neosublimearen inguruan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak