Gaur goizean UNEDeko patronatuarekin bilera egin dute, eta ondoren Udaletxeko pleno aretoan egin dute hitzarmenaren sinatzea. Bertan izan dira Markel Olano diputatu nagusia, Denis Itxaso Kultura diputatua, Elena Lete alkatea eta Iñaki Esparza, UNEDeko zuzendaria.
Hala ofizialki, gaurtik aurrera Arrizuriaga jauregia Udalarena izango da, eta UNEDek seminarioan jarraituko du.
"Egun garrantzitsua"
Guztiek bat egin dute esanez gaurko hitzarmena oso garrantzitsua dela herriarendako zein lurralderako. Olanok adierazi du Seminarioko elizako aretoak bi onura ekarriko dituela: "ondarea mantentzea eta Bergaran ekipamendu kulturalerako beharrari erantzutea".
UNED Seminarioan mantentzea eta irakaskuntza funtzioetarako egokitzea ere pauso garrantzitsutzat jo du diputatu nagusiak.
Bergarako alkateak hitzarmena Bergaran sinatzearen balio sinbolikoa azpimarratu du, eta hartutako erabakia "herriarendako onuragarria" izango dela esan du.
Denis Itxaso Kultura diputatua ere bat etorri da alkatearekin, eta Mintegiak sortu zenean kulturan eta jakintzan izan zuen paper garrantzitsuaren jarraipena dela UNED adierazi du.
"Korapiloa" askatzea
Iñaki Esparzak UNEDeko zuzendariak, bere aldetik, esan du urte askoan luzatu den korapiloa askatu dela gaurko akordioarekin. Hala, urrutiko hezkuntzarako unibertsitate honen potentzial osoa garatzen hasteko gogoz agertu da.
40. urte betetzen ditu aurten Bergarako UNEDek, eta alde horretatik ere hitzarmena berezitzat jo du Esparzak.