Bihar, egubakoitza, uztailak 22, bukatuko da aurtengo Berumuga musika zikloa. Uztaileko egubakoitzak musika beltzaren doinuekin girotu ditu jaialdi honek beste urte batez. Uda gauetako epeltasunak lagunduta, zutik zein terrazan jarrita, giro lasaian gozatu dituzte bergararrek Espoloiko kontzertuak. New Orleansgo doinuak izango dira protagonista nagusi biharkoan.
Broken Brothers Brass Band
Iruñetik datorren Broken Brothers Brass Band arduratuko da aurtengo edizio hau ixteaz. Azkenaldian Fermin Muguruzarekin batera ibili da hara eta hona taldea, Fermin Muguruza and New Orleans Basque Orkestra bezala.
Izan ere, beraien musika estatu batuetako New Orleans hiriko Brass estilokoa da. Inprobisazio kolektiboak aparteko garrantzia dauka eurengan, eta funkya, gospela edota jazz modernoa fusionatzen dituzte. Duela hamar urte hasi ziren lehen pausuak ematen, eta Muguruzarekin eginiko birarekin sona handia lortu dute.
Iruñeko talde hau zuzenean eta doan ikusteko biharko hitzordua gaueko hamarretan izango da, Espoloiaren behe aldean kokatuta dagoen agertokian.
Udalaren balorazioa
Uztaileko musika zikloa bukatzeko kontzertu baten faltan, Bergarako Udaleko kultura zinegotzi den Maite Agirrek adierazi du ekimenaz balorazio "oso positiboa" egiten duela berak: "orain arteko kontzertu guztietan jende asko egon da, eta musikalki ere maila oso altua erakutsi dute artistek".
Hain zuzen, sona handiko musikariak ekartzeko apustu berezia egin dute aurten, jaialdia indartze aldera. El Twanguero, NES eta Julian Maeso Organ Trio izan dira Espoloian. Alde horretatik, jendeak "erantzun ona" eman duela nabarmendu du Maite Agirrek.
Bestalde, nobedade moduan, aurten izan da Berumuga zikloko kontzertuak Espoloiko kiosko zaharrean egin ez diren lehenengo urtea, maiatzean eraitsi baitzuten. Hala, pasealekuaren beheko aldean kokatu dute eszenatokia, eta Agirrek dio akustika aldetik "kokapen hobea" dela igarri ahal izan dutela.