Herrira dator 'Bergarako besarkada'-ri buruzko erakusketa, Donostia 2016 barruan

Julen Iriondo 2016ko uzt. 22a, 11:07

'Bergarako besarkada' irudikatzen duen lana, San Telmo museokoa.

Garaiko askotariko eratako materialaren bitartez, gertaera historiko haren, aurrekarien eta ondorenaren berri ematen du erakusketak. Abuztuaren 31tik azaroaren 1era egongo da ikusgai, Laboratoriumen.

Abuztuaren 31 zen, 1839an; armada liberalaren buru Esparterok eta karlisten arduradun Marotok elkar besarkatu zuten Bergaran; Lehen Karlistaldiaren amaiera sinbolizatu zuen keinu hark. Eta berriz ere abuztuaren 31z, berriz ere izango da besarkada Bergaran, oraingoan erakusketa eran: Donostia 2016 barruan, Bake-ituna proiektuko parte da 1839. Bergarako Besarkadaren aurrean. Keinua eta interpretazioa izeneko erakusketa, azaroaren 1era arte Laboratorium museoan ikusgai egongo dena.

Garaiko askotariko eratako materialaren bitartez, gertaera historiko haren, aurrekarien eta ondorenaren berri ematen du erakusketak; hirutan banatuta egongo da; hona Udaleko teknikari museologo Xabier Aranbururen azalpena: "Lehena da bakea lortzeko Bergarako besarkada baino lehen egin ziren ahaleginak; bigarrena da Bergarako besarkada bera; eta hirugarrena dira ospakizunak". Eta hirugarren horri garrantzia berezia ematen dio Aranburuk, erakusketak nabarmendu nahi duena eta askorentzat gauza jakina ez dena irudikatzen duelako: "Gaur egun, jende gehienak dugu Bergarako Besarkada traizio bat bezala, baina bere garaian ez zuten hala hartu. Jendea nazkatuta zegoen gerrarekin, eta bakearen berriarekin jendea asko poztu zen"; noski, akordioan jasotakoak Foruak bermatzen zituelakoan. Hala, akordioaren urteurrenean, adibidez, ospakizun handiak egin zituzten, eta 1872ra arte jarraitu zuten gertaera hura gogoratzen, nahiz eta gero eta indar gutxiagoz, praktikan Foruak galbidean ikusita.

65 pieza denera

Erakusketa hamazazpi erakunde edo norbanakorengandik iritsitako 65 piezak osatzen dute, material grafikoa batez ere, paperean, grabatuak-eta. Baina badira, adibidez, hainbat idatzi, eta objektuak ere bai: Esparteroren gudako botika-kutxa, Harris britainiar kapitainaren domina estutxea edo Gurwood koronelaren kataloxa, adibidez. Horrez gain, Laboratoriumen ohikoa den pieza gonbidatua ere erakusketa honekin lotutakoa da oraingoan: Zumalakarregi jeneral karlistaren kanpainako idazmahaia.

Donostia 2016ren Bake-ituna proiektuko parte da Bergarako erakusketa; proiektu honek "bakeak historian zehar ezagutu dituen forma eta irudikapen konplexuei" erreparatu nahi die.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak