Tornilleria Deba Fasteners (Deba) enpresak finkatze-elementuak ekoizten ditu, batez ere automobilen merkaturako; Lazpiurrek bi negozio-lerro ditu, tartean zehaztasun handiko makinak egitea, horietako asko torlojugintza sektorerako. Hala ere, orain arte ez zuten elkarrekin inoiz lan egin. Orain arte, Deba enpresak beste ekoizle batzuei eskatu zizkien bere makinak, baina arazo bat zeukan: eguneroko bere beharretarako erabili behar zuen best-in-class teknologiadun azterketa-makineria gama osoa eskain ziezaiokeen hornitzaile fidagarririk ez zuen aurkitzen; horrez gain, saldu ondoko zerbitzu ona eskaintzen zuen hornitzailea nahi zuen.
Azken hilabeteotan, kalitate-kontrol ezin hobea ziurtatuko zuen makinaren bila hasi zen Deba. Eta “aukera onena”, bi lantegien esanetan, Bergaran bertan aurkitu zuen: Lazpiur. Lazpiurreko salmenta saileko Mikel Etxebarriak honako hau dio: "Beste enpresa batzuek makina jakin bat saltzen dute eta, arazoak ematen baditu, ez da inor bertara joaten hura begiratzeko. Lazpiurrek, aldiz, makina saldu ondoren edozein zerbitzu behar badu, eman egiten dugu, hemen, Alemanian edo Txinan. Horrek bereizten gaitu besteongandik".
Horrek animatuta, Debako gerente Mikel Egiazuk Lazpiurren makina aukeratu zuen, plater metalikodun BEGItech MRT bat. Makina martxan dago ja.
Beste bi makina, hitzartuta
"Bi enpresendako hain esperientzia ona izan denez, Deba enpresan lehiakortasuna hobetzeko pausoak ematen hasiak dira", azaldu dute arduradunek. Hala, Lazpiurrek BEGItech ECD makina bat salduko dio Debari datozen hilabeteotan, eta baita beste makina bat ere.