goiena.eus

Nahita egindako sute batek kalteak sortu ditu Bergarako Haurreskolan

  Hezkuntza  Bergara GAURKOAK

Egubakoitzetik zapatura bitarteko gauerdian sortu zen sutea. Bergarako udaltzaingotik adierazi dutenez, Haur eskolako atzeko partean, jolaserako patioan, ziburuei eta jolaserako beste elementu batzuei eman zieten su. Ondorioz, Haurreskola barruan, pertsianak, kristalak eta ondoko gelak kiskali edo hondatu egin ziren. Argindarra eta alarma, esaterako, hondatu dira sutearen ondorioz.

Suteak ez du ondorio larriagorik izan, suhiltzaileak azkar bertaratu eta sua amatatu zutelako. Udaltzainek, uda gauetako gaztetxoen arteko jolas edo bihurrikerietan kokatu dute ekintza.

Momentuz, itxita

Goizean zehar Haur Eskolako arduradunak umeen gurasoei deika aritu dira, gertatuaz ohartarazteko eta gunea itxita egongo dela abisatzeko. Izan ere, lau egun bakarrik gelditzen dira ikasturtea bukatzeko, eta tarte horretan eraikina ez da erabilgarri egongo.

Partzuergoak Bergarako haur horiek aste honetan zehar inguruko herrietako Haur eskoletara eramateko aukera eskaini die.

Gainera, arduradunek kezka adierazi dute, momentuz ez dakitelako irailean, ikasturte berria hasterako, ireki ahal izango duten. 0 eta 2 urte bitarteko umeak zaintzen dituzte Haurreskolan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa