Bergarako Santa Marina jaietan Gin-Tonic lehiaketa egin dute aurten. Simon Arrieta plazan egin dute gaur arratsaldean, eta auzoko zortzi tabernari animatu dira parte hartzea. Matxategi, Aralar, Kayak, Arrano, Kai, Maxim's, Pol Pol eta Eusebio tabernetako ordezkariak, hain zuzen ere.
Binaka gertatu dituzte Gin-Tonic tragoak, nork bere osagaiak aukeratuta. Guztiek amaitu dutenean bost lagunek egin dituzte epaimahai lanak, eta esan dutenez oso maila ona egon da. Parte-hartzaileek ahalegin berezia egin dute, eta landutako tragoak aurkeztu dituzte bai zaporeari dagokionean eta bai aurkezpenari dagokionean.
Epaimahaiaren saria Maxim's tabernako Kristian Arantzabalenda izan da. "Ez nuen espero inondik ere. Egia da ondo landutako Gin-Tonic-a ekarri dugula. Emazteari asko gustatzen zaio, eta errezeta berarena da", esan du irabazleak. Sekretu gutxi dagoela azaldu du: "Neurriei tamaina hartzea, tonika oso poliki botatzea, gutxi eragitea eta dena hotza egotea". Aitortu du osagai berezi batzuk bazituela gaurko Gin-Tonic edariak: "Bota diot ipuru edo enebro apur bat, viscum lore-hostoak eta carambola fruta tropikal apur bat".
Publikoak ere zortzi Gin-Tonic edariak dastatzeko aukera izan du, eta nahi izan duenak botoa eman du. Jai batzordetik esan dute astelehenean jakinaraziko dutela publikoaren saria norentzat den.