Sinadura honekin gauzatuko da Arrizuriaga jauregiaren eta Seminarioaren arteko trukeari dagokionez EAJ Udaleko eta Aldundiko gobernuetara iritsi ezkero aurreikusten zen aldaketa. Aurreko agintaldian bi erakundeetan Bildu agintean zela, UNED Arrizuriaga jauregira lekualdatzea eta egun UNEDek hartzen duen espazioarekin Udala geratzea sinatu zuten; orain, ordea, hura bertan behera utzi eta Arrizuriaga geratuko da Udalarentzat, eta UNED dagoen tokian. Gaiaren gainean Elena Lete alkateak Goienari egindako azken adierazpenetan zioen, horrela, bi eraikinak geratuko direla "herritarren erabilerarako [Seminarioko kultura aretoa kontuan hartuta]". Arrizuriagan zer joango den ez zuen zehaztu.
UNED, beraz, dagoen lekuan geratuko da; erabakia baloratu gabe, Esparzak bazioen "gai luzea" izan dela, eta "berandu" datorrela erabakia: "Hipoteka handi bat izan da; buruhauste asko, atzerapen asko ekarri ditu". Baina "irtenbidea ona izatea" espero duela gehitu zuen, "toki eta baliabide tekniko egokiak" izatea.