Egubakoitzean, uztailak 15, arratsaldeko sei t'erdietan hasiko dira txirrindulariak pedalei eragiten. Berrogeita hamar txirrindulari inguruk parte hartuko dute Demasa Kriteriumean.
Taldeak izango dira: Gipuzkoa, Bio Racer, Bizkaia Durango, Punta Galea edota Gutrans. "Txirrindularien artean, nabarmentzekoak dira Nahia Leonet, Ziortza Isasi edo Eider Unanue", esan du Lokatzako Jon Unamunok.
Debagoienetik Garazi Estebez aretxabaletarrak eta Garazi Erostarbe oñatiarrak hartuko dute parte.
Emakumeen txirrindularitza bultzatuz
Kilometroak 2016k herriko hainbat eragilerekin daukan elkarlanetik sortutako ekimena da etziko kriteriuma. Lokatzaren helburua emakumeen txirrindularitza bultzatzen saiatzea izan da.
"Guk garrantzitsua ikusten dugu emakumeei lehiatzeko aukerak ematea", adierazi du Unamunok; "Ez da gizonezkoetan moduko egutegirik izaten, eta garrantzitsua da behintzat bat gehiago egotea", gaineratu du. Eskolaren helburuetako bat emakumezkoen taldea osatzea dela ere esan du.
Kilometroak 2016ren izenean hitz egin duen Maite Fernandezek nabarmendu du Kilometroak 2016 ez dela "urrian egingo den festa soilik", baizik eta hainbat ekimen antolatzen dituztela, eta horien bidez baloreak landu nahi dituztela: "pisu berezia dute jasangarritasunak eta parekidetasunak gure proiektuan, eta etziko bizikleta lasterketa bete betean dator bat bi balore horiekin".
Gipuzkoako federazioko Mireia Epeldek ere adierazi du oraindik ere emakumeen txirrindularitzak beharrezkoa duela bultzada. Gipuzkoan horrelakoak antolatzearen garrantzia azpimarratu du: "lehen gehiago zeuden, gero jaitsi egin zen, eta orain badirudi berriro ere indartzen ari dela. Federaziotik erraztasunak ipintzen jarraituko dugu". Nabarmendu du lasterketa "lehiatzeko motibazio bat gehiago" dela emakumeendako.
Lasterketaren ezaugarriak
Infantilek, kadeteek, gazte mailakoek, 23 urtez azpikoek eta elite mailakoek korrituko dute lasterketa. Bi modalitate izango dira, puntuazioaren araberakoa bata eta eliminaziozkoa bestea.
Ibilbide osoa herriaren erdigunean izango da, eta hainbat bira emango dituzte. Ikastolako jolastokian izango du hasiera eta bukaera zirkuituak. Hala, handik abiatu eta Herrilagunak kalerantz joango dira txirrindulariak; handik, Irala kalea zeharkatuko dute; Kruz Gallastegitik jaitsi; Bideberritik Ibargaraira abiatuko dira eta han, ate handitik jolastokira sartuko dira atzera ere. Kilometro bateko zirkuitua izango da.
Sari banaketa ekitaldia ere jolastokian egingo da proba guztiak bukatzean.
Antolatzaileek eskerrak eman diete lagundu duten eta lasterketa egunean hainbat sari eskainiko dituzten herriko komertzioei.