Astebetean zehar robotikaren eta programazioaren munduan murgilduko dira Laboratoriumeko Kanpamentu teknologikoan izena eman duten hamaika eta hamasei urte bitarteko gazteak.
Kanpamentu hauetan bi ikastaro egingo dituzte, gazte bakoitzak gehien erakartzen duena aukeratu duelarik. Hala, batetik errobotika landuko dute, eta bestetik, berriz, ordenagailu bidezko programazioa, Minecraft jokoarekin.
Atzo hasi ziren arren, honezkero gauza asko ikasi ahal izan dituzte gazteek. Gaurkoan, atzo piezaz pieza muntatzen hasitako robota funtzio desberdinetarako programatzen aritu dira. Robota ordenagailuarekin lotzen duen aplikazio bat erabiliz egin dute hori. Datozen egunetan, esaterako, LED argiak kontrolatzen dituen aplikazioa programatzen arituko dira.
Beste gela batean, berriz, gazteen artean arrakasta handia duen Minecraft ordenagailu jokoaren programazioa landu dute. Abentura eta eraikuntza lantzen ditu joko honek. Gazteek, programazioaren bitartez hainbat modifikazio ezarri dizkiote.
Lehenengoz antolatu dute aurten kanpamentu teknologikoa Bergaran, gero eta gazte gehiagoren interesa erakartzen duela konturatuta.
Gazteetako batzuek argi daukate nagusitan teknologiaren munduarekin lotutako zerbaitetan lan egin nahi dutela: "Bideojokoak-eta asko gustatzen zaizkit, eta betidanik nahi izan dut horrelako zerbaitetan lan egin handitan", dio Ekhi Susaeta gazteak.
Egubakoitzera arte izango da kanpamentu teknologikoa Bergarako Laboratorium museoan.