Jai giroko asteburua igarotzen ari dira Bergarako Aldai Egia auzoan. Egubakoitzean hasi zituzten San Kristobal jaiak, eta gaurko ekintzekin emango diete amaiera festei.
Eguerdian, festa giroa
Belarriko minaren kontrako eta txoferren zaindari den San Kristobalen eguna da gaur, domeka, eta ekintzaz betetako goiz-eguerdi partea izan dute. Meza nagusiaren ostean, autoak eta motorrak bedeinkatu ditu apaizak; aurten, azken urteetan bezala, hainbat Vespa ere ikusi ahal izan dira auzoan, bedeinkapena jasotzera eramandakoak.
Herri kirolen erakustaldia ere izan da: Ernesto Bihurri eta bere seme Hodei izan dira aizkolari lanetan, eta harri-jasotzen Izeta II.a izan da. Azken horrek 100 kiloko koparen, 125 kiloko angeluzuzenaren eta 113 kiloko kubikoaren hainbat jasoaldi egin ditu.
Hori guztia, trikitilarien doinuek alaituta egin da eta bertsoak ere izan dira.
Antolatzaileak pozik
Jaien antolatzaileak pozik gelditu dira aurtengoak eman duenarekin. Gainera, nabarmendu dute zapatu gauean ere jende dezente izan zela, aurten lehen aldiz Udaletik taxi zerbitzua jarri dutelako auzora, 5 euroren truke.