Hogei bat lagun bildu ziren atzo Bergarako Lasai Toki elkartean afaria egin eta Garitanori omenalditxoa eskaintzeko, egun batzuez herrian bueltan dagoela aprobetxatuz. Garitanok, baina, afaria zeukala bazekien, baina omenaldia sorpresa izan zen berarendako.
Berarekin Bergara Kirol Elkartean futbolean ibilitako kideak eta gertuko lagunak elkartu ziren, eta "oso gustura" igaro zuten "luze" joan zen gaua, lagun taldeko Igor Unzurrunzagaren esanetan.
Elkarri besarkadak emanez eta aspaldiko kontuak gogora ekarriaz jardun zuten, eta Asier Garitanok igoerarekin bizi izandakoak kontatu eta hurrengo denboraldira begira "taldea ixten" lanean diharduela aipatu zuen.