Angiozarko Euskitza Gainekoa etxeko Edurne Garitanorentzat izan da lorez apaindutako balkoi eta leihoen lehiaketako lehenengo saria –400 euro, herriko dendetan gastatzeko–. Bigarren saria –200 euro–, berriz, Aitzol Mujikarentzat izan da. 9,37 puntu lortu ditu irabazleak, eta 7,75 bigarrenak.
"Hiru balkoietan geranio frantsesak ditut, gorriak, hemezortzi jardinera denera. Eta lorategian, berriz, denetik dut: hortentsiak, begoniak, alegriak, surfiniak...", zioen irabazleak.
Lehenengoz eman du izena lehiaketan Garitanok: "Ohitura dut beti loreak edukitzeko, asko gustatzen zait, eta aurten izena ematea pentsatu eta irabazi!".
Saria zertan gastatu arazorik izango ez duela dio; ohiko loradendan erosketaren batzuk egingo ditu, adibidez.