Goi mailako egitaraua eta 2.000 boluntario lortzeko erronka Kilometroak jai egunera bitartean

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko uzt. 7a, 09:11

Urriaren 2ra arte, Bergaran ospatuko den Kilometroak 2016 egunera arte, hainbat ekitaldi antolatu ditu jaialdirako lantaldeak eta horien guztien berri eman dute. Gainera, Demasa udako argazki lehiaketa ere aurkeztu zuten eta baita egun handirako 2.000 boluntario behar direla jakinarazi ere: "1991n eta 2007an lortu genuen. Aurten ere lortuko dugu".

Kirol eta kultura alorreko ekintzak dira gehienak, "goi mailakoak guztiak ere". Gainera, irailean bat egingo du Kultura Hamabostaldi bereziarekin, aurten, Aranzadi Ikastolaren 45. urteurrena eta Kilometroak jaiaren 40. aldia dela-eta.

Honako hau da urriaren 2ra arteko egitaraua:

  • Uztailak 15, egubakoitza, 18:30, Bergarako erdigunea: Demasa Kriteriuma. Emakumeen txirrindulari lasterketa.
  • Abuztuak 10, eguaztena, 18:00, Agorrosin futbol zelaia: Real Sociedad-Eibar futbol partidua.
  • Abuztuak 31, eguaztena, 19:00, Labegaraieta kiroldegia: Bera Bera-Zarautz eskubaloi partidua.
  • Irailak 15-urriak 2: Kilometroak 2016 Kultura Hamabostaldia, aurten, Aranzadi Ikastolaren 45. urteurrena eta Kilometroak jaiaren 40 aldia dela-eta:
  • Aroztegi aretoa: Kilometroak bidea erakusketa. Kilometroak Gipuzkoako ikastolen jaiaren edizio guztietako argazkiak, leloak, irudiak...
  • Aranzadi Ikastola: Juan Gorriti artistaren erakusketa.
  • Irailak 17, zapatua, 11:00, Aranzadi Ikastola: World kafe saioa Kilometroak bidea hausnarketa prozesuaren gainean.
  • Irailak 20, eguaztena, 19:00, Zabalotegi aretoa: Atea Teatro konpainiaren emanaldia, Inklusioaz formatu txikian antzezlana.
  • Irailak 24, 22:30, Udal Pilotalekua: Garden ikuskizuna (Alos Quartet taldea, Eñaut Elorrieta, Aukeran dantza taldea, Oreka TX…).

Goi mailako eskaintza

Hiru kirol emanaldi eta beste hiru kultura ekitaldi izango dira: "Txirrindulari emakumezko gazteak eta goi mailakoak bertatik bertara ikusteko aukera izango dugu, uztailean, Lokatza Ziklismo Eskolarekin elkarlanean antolatu dugun txirrindularitza lasterketa honetan. Infantil, kadete, gazte eta elitekoak".

Abuztuan, futbola eta eskubaloia. Hilaren 10ean, Reala eta Eibar aurrez aurre:  "Lurraldeko futbol klub inportanteenetako talde nagusiak izango ditugu, aurrez aurre, lagun arteko partiduan. Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak eta Real Sociedad Fundazioak sinatutako lankidetza hitzarmenari esker eta Realaren, Eibarren eta Bergara Kirol Elkartearen laguntzarekin".

Abuztuaren 31n, azkenik, emakumezkoen goi mailako eskubaloia izango dute. Bera Bera eta Zarautz elkarren aurka: "Besteak beste, Espainiako Kopako eta Superkopako, eta Euskadiko Kopako txapelduna izan da amaitu berri den denboraldian Bera Bera taldea. Azkeneko urteotan eskubaloiko gorenean. Bergara Kirol Elkarteko Eskubaloi sailaren eta Bera Bera eta Zarautz taldeei esker antolatu dugu partidua Kilometroak 2016ren alde".

Irailean, Kultur Hamabostaldia eta 'Garden' ikuskizuna

Askotariko kultur Hamabostaldia antolatu da Kilometroak 2016 jai egunaren atarian, aurten Aranzadi Ikastolak 45 urte betetzen dituela eta Kilometroak jaia 1977an Beasainen lehen aldiz egin zenetik, aurtengo urriaren 2koa 40. edizioa izango delako.
Azpimarratzea merezi du irailaren 24ko ikuskizunak:

Garden. Eñaut Elorrieta eta Alos Quartet, Aukeran eta Oreka TX taldeen eskutik, musika eta dantza uztartzen duen ikuskizun berritzaile eta ikusgarria. Estreinatu zenetik, oso gutxitan ikusteko aukera izan da orain arte eta Bergara izango da plazetako bat. Datorren astean jarriko dira sarrerak salgai.

"Baietz 2.000 boluntario"

Bestalde, urriaren 2rako 2.000 boluntario lortu nahi dira eta herritarrei dei egin diete. Urtean zehar 400 boluntariotik gora dabiltza lanean batzorde ezberdinetan eta astebururo hainbat irteera egin dira arropak edo Gure Zozketako txartelak saltzeko Gipuzkoako herrietara: "Uda guztian segituko dugu lanean eta irteerekin".

Hala ere, egun handirako deialdi berezia egin dute: "Aranzadi Ikastolako komunitatea (ikasle, guraso, irakasle, senide eta abar) osatzen dutenez gain, herritar orori egiten diegu eskaria eta parte hartzeko gonbita. Esan bezala, 2.000 lagun behar dira eta interesa duenak izena eman dezake dagoeneko". Hiru bide jarri dituzte horretarako:

  • Esku-orri hau, herriko hainbat leku publikotan egongo dena eta orria beteta toki publiko horietan jarritako kutxetan sartu ahalko dena.
  • kilometroak.eus webgunera sartuta (www.kilometroak.eus/parte_hartu) edo esku-orrian agertzen den QRa eskaneatuta.
  • Posta elektronikoz mezua bidaliz Kilometroak 2016ko giza baliabideetako batzordera: kmk16gb@bergara.ikastola.net

Aurreko bi ediziotan lortu zute: "1991n eta 2007an lortu genuen eta aurten ere lortuko dugu Bergaran ondo antolatzea Kilometroak jaia, herritarren ekarpen eta laguntzarekin. Ea, bada, animatu eta eman izena nahi duzuen batzordeetan, koadrilaka, banaka…, nahi duzuen eran". 

Demasa argazki lehiaketa

Bestalde, argazki lehiaketa antolatu dute Kilometroak 2016ko arropa salmenta sustatzeko: "Eta azken txanpan sartuta gaudenez, Kilometroak 2016 jaialdia bera girotzeko".

Udako argazkiak bidali eta 100 euroko erosketa txartela (Kilometroak 2016ren dendan gastatzeko) irabazteko aukera izango da.

Argazkiak bidaltzeko lau modu daude:

Epemuga: irailaren 15era bitartean bidali edo argitaratutako argazkiak sartuko dira lehiaketan. Argazkiak Kilometroak 2016ko sare sozialetako kontu ofizialetan eta kilometroak.eus webgunean jarriko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak