Hamaika lekutatik iritsitakoak dira Belaunaldi arteko trukaketa izeneko auzolandegian parte hartzera Bergarara etorri diren hamazazpi gazteak. Mizpirualde egoitzan dinamizazio lana egitea izango da euren egitekoa: egoiliarrekin jokoan, paseon edo berriketan.
Hilaren 17ra arte egongo dira; atzo hasi zen auzolandegia, eta gaur egin dute lehen bisita egoitzara. Badira euren etorkizuna gizarte zerbitzu arloan ikusten dutenak, baina baita bestelako ikasketak egiten ari baina halako esperientzia bat bizi nahi zutenak ere.
Mizpirualdera lehen bisita egin aurretik, udaletxean egin diete harrera auzolandegiko gazteei. Bertan, Euskara, Gazteria eta Hezkuntza zinegotzi Izaskun Labaienek ongietorria eman eta eskerrak eman dizkie gazteei Bergarara etortzeagatik.