Saguzarrak, itsaspeko indusketa birsortzea eta bisita gidatua, Laboratoriumen eskutik

Julen Iriondo 2016ko uzt. 1a, 11:11

Maddi Mujikaren azalpenekin 'Loreak asmatzen' erakusketa ikusteko lehen aukera gaur bertan izango da.

Uztailaren 10era arte dago aukera Laboratoriumeko Loreak Asmatzen: naturzale europarrak Euskal Herrian erakusketa ikusteko. Azken txanpa honetan, baina, bisita Maddi Mujikak –Ingurumen Zientzietan graduatua– gidatuta egiteko aukera egongo da: euskaraz, gaur, egubakoitza, 19:00etan eta hilaren 10ean, domeka, 11:30ean; gazteleraz, berriz, hilaren 9an, zapatua, 17:30ean. Bisitaren iraupena 45 minutu ingurukoa izango da

Erakusketak historia, zientzia eta artea ditu oinarri, eta XIX. mende erdian Euskal Herrian egokitu ziren bi landare zale atzerritar ardatz: bere herbarioarentzat landareak jasotzen jardun zuen Pietro Bubani italiarra eta Gipuzkoako florari eskainitako hiru album egin zituen Didier Petit de Meurville frantziarra, landereekiko maitasunari pinturarako zaletasuna batu ziona. Panel retroiluminatuek eta objektu orijinalak –Bergaran eta Arantzazun margotutako paisaia batzuk, besteak beste– dituzten bitrinek osatzen dute erakusketa. Bisita gidatuetarako ez dago aurrez izena eman beharrik.

Urpeko indusketa Agorrosinen

Uluburun, itsasontzi hondoratua igerilekuan izeneko jarduera, berriz, 8 eta 12 urte arteko haurrei dago bideratuta, eta hilaren 6an, eguaztena, izango da, 17:30ean. 1984an George Bass arkeologoak eskura zituen bitarteko guztiak jarri zituen Turkiako kostaldean hondoratutako Uluburun itsasontziko –hondoratze antzinakoena, ezagutzen dela– ondarea azaleratzeko. Hamar urte behar izan zituen horretarako, eta arkeologiaren mugarri bihurtu zen bere lana. Lan hori erreproduzitzeko jarduera izango da Agorrosingoa; jolasaren bidez azterketa hartan erabilitako metodologia zientifikoa ezagutzeko aukera izango dute haurrek, dibulgazioa eta ikerketa uztartu ohi dituzten arkeologo profesionalek gidatuta.
Bertan parte hartzeko, laboratorium@bergara.eus helbidean edo 943-76 90 03 zenbakian eman behar da izena –dohainik–, eta ezinbestekoa da igerian jakitea; egunean, bainujantzia, gorroa eta toalla eraman beharko dira.

Saguzar gaua hilaren 8an

Hurrengo egubakoitzean, berriz, saguzarrak ezagutzeko irteera izango da. Publiko orokorrarentzat da hau ere –haurrek gurasoekin joan beharko dute–. Museoan egin dute hitzordua, 21:00etan.

"Euskal Herrian 25 bat saguzar espezie desberdin bizi dela adituek baino ez dute jakiten. Gaueko bizimodua izanik, ugaztun hauek oso ezezagunak dira publiko orokorrarentzat. Jarduera honekin Bergara inguruko saguzarrak ezagutzen hasteko aukera izango dugu", diote museoko arduradunek.

Jarduerak bi zati izango ditu. Aurrena, adituen azalpenak jasoko dituzte museoan: saguzarrak zer diren eta nolakoak; zenbat saguzar espezie bizi den inguruotan; non bizi diren; nola ikertzen dituzten; nolako tresneriarekin...; "saguzarrak ultrasoinuen detektoreen bidez ikertzen dituzte sarritan, eta tresneria berezi hori ezagutzeko aukera izango da museoan". Ondoren, tresneria hori probatzeko aukera izango da, saguzarrak behatzeko ibilalditxo bat eginez eta saguzar espezie desberdinak detektatuz.

Museoak eta Pol-Polen Mendia Bizirik taldeak antolatutako jarduera da, eta bi ordu iraungo ditu gehienez. Dohainik da, baina izena ematea komeni da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak