EH Bildu taldeak mozio bat aurkeztu zuen, Alde zaharra berpizteko plangintza eskatuaz. Bertan eskatzen dute gunea biziberritzeko lan mahai bat osatzea bizilagunekin, dendari eta tabernariekin eta ordezkari politikoekin, eta mahai horrek sei hilabeteko epean plan orokor eta zehatz bat osatu dezan.
Horren aurrean, EAJk mozio alternatibo bat aurkeztu zuen, EAJ eta PSE-EEren aldeko botuekin onartu zena. EH BIlduk eta Irabazik aurka bozkatu zuten.
Mozio honetan gogora ekartzen dira gaiaren inguruan onartutako bi dokumentu, erdigune historikoaren erreabilitaziorako 2013ko plan berezia eta 2009ko plan orokorra. Gaineratu zuten Bergarako merkataritza indarberritzeko plana ere abian dagoela, eta horrek alde zaharreko komertzioei onura ekartzen diela.
Hala, mozio alternatiboak proposatzen du aipatutako planei jarraipena ematea eta alde zaharreko eraikinen erabilpena handitzeko jarduera gehiago aurrera eramatea.
Agurne Barrusok adierazi zuen mozio alternatiboak ez duela "EH Bilduren nahia" betetzen, eta gaia zehaztasunez lantzeari "izkin egiteko" modu bat izan zela.
Amiantoaren mapa
Bestalde, Irabazik herrian Amiantoaren mapa bat osatzeko mozioa aurkeztu zuen, material hori daukaten eraikin publiko edo pribatuak jasoko dituena eta amiantoak sortarazten dituen gaitzekin kaltetutako pertsonei laguntza ematea helburu duena.
Proposamenak ez zuen aurrera egin, EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu zuten eta. EH Bilduk aldeko botua eman zuen.
Beste bi mozio ere aurkeztu zituen Irabazik. Bata, Yesako urtegiaren aurkako militanteak, Yesako zortziak bezala ezagunak errugabetzat jotzea eta protesta eskubidea aldarrikatzen zuena; bestea, berriz, Andaluziako Langileen Sindikatuko kide Andres Bodaloren indultua eskatzen zuena. Kasu bietan, udal gobernuak abstentzioaren alde egin zuen, argudiatuz gai horiek ez zirela Bergarako udalbatzaren eskumenekoak.
Frackinga eta 'Mandela arauak'
Onartutakoen artean, nabarmentzekoa da EH Bilduk frackingaren aurka aurkeztutako mozioa, aho batez onartu zena. Espainiako Gobernuari Eusko Jaurlaritzaren frackingaren aurkako legeari jarritako helegitea kentzeko eskatzea jasotzen zen bertan.
Bestalde, presoen eskubideak bermatzeko Mandela arauak bezala ezagun diren neurriekin bat egitea onartu zuen udalbatzak hamabost aldeko botorekin eta PSE-EEren abstentzioarekin. EH Bilduk aurkeztu zuen mozioa.
Frontoiko taberna eta Buruñao izendapena
Atzoko bilkuran Fraiskozuriko Udal Pilotalekuko tabernaren ustiapena eta instalazioen kontrola adjudikatzeko prozedura onartu zuten. Hala, nahi duten pertsona fisiko edo juridikoak aurkeztu ahal izango dira, eta lizitaziorako gehieneko kopurua 6.000 eurokoa izango da, BEZ kanpo. Kontratuak lau urteko iraupena izango du, eta epea amaitzean beste bi urtez luzatu ahal izango da.
Kontuan izan behar da berriki onartutako adikzioen legearen ondorioz kirol ikuskizunetan frontoian ezin izango dela alkoholik zerbitzatu.
Bukatzeko, udalbatzak aho batez onartu zuen Mekolaldeko zubi zaharretik Lazpiurrera bitarteko eremuko bosgarren sektoreko industrialdea Buruñao bezala izendatzea. Era berean, guen horretako Gorostola baserriaren pareko zubi berritik sartuta, eskumatara sortuko den kale berriari Ibetondoa izena jartzea ere onartu zen.