Bihar, zapatua, udako egitarau bereziaren baitako lehen kultura hitzordua izango da, 20:00etan hasita, Espoloiko agertokian. Iruñeko Demode Quartet taldea izango da taula gainean.
Emanaldi berezia eta desberdina izango da biharkoa; izan ere, laukote horren ezaugarri bereizgarria da a capella abesten dutela, betiere, umorea txertatuz kantuetan.
Zinea plazan
Uda honetan zehar, sei martitzenetan aire libreko zine emanaldiak izango dira, gauez, San Martin plazan. Lehena uztailaren 12an izango da. Umeei zuzendutako Kon Tiki filma emango dute. Uztailaren 26an eta abuztuaren 2an, 9an, 23an eta 30ean izango dira gainerako emanaldiak.
Uztaileko ikuskizunak
Hamaikagarren urtez jarraian, aurten ere musika beltzaren inguruko Berumuga musika zikloa egingo dute uztailean zehar.
Horrez gain, hainbat ikuskizun izango dira datorren hilean. Hasteko, uztailaren 6an, eguaztena, umeendako Marie antzezlana izango da, eguazteneko azokaren baitan, Oxirondo plazan.
Uztailaren 14an, berriz, Funes Troup konpainiak kaleko zirku ikuskizuna eskainiko du San Martin plazan.
Bukatzeko, hilaren 28an, Jon Zabal mediumak ikuskizuna eskainiko du Muniben.
Abuztuko hitzorduak
Abuztuko hitzordu nagusiek musikarekin izango dute zerikusia. Hala, hilaren 3an, Aire Ahizpak etorriko dira, eta Fraiskozuri plazan Iparraldeko kantutegiaren errepasoa egingo dute.
Hurrengo, abuztuaren 16an, San Roke patroiaren egunean, hain zuzen, Hego Haizea talde euskaldunak eta Meta Milonga argentinarrak elkarrekin emanaldia eskainiko dute Irala kalean.
Bukatzeko, hilaren 31n, Txuma Murugarren abeslari ospetsuak Labegaraietan emango duen kontzertuak itxiko du udako kultura egitaraua. Izan ere, aurtengo egitaraua auzo desberdinetara zabaldu nahi izan du Udalak.