Bergarako Miguel Altuna Institutuan, azken 15 urteotan hainbat enpresa proiektu aurrera eramateko lanean ari dira, Urrats Bat izeneko programaren bidez.
Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako zuzendaritzak sustatutako egitasmo honen bidez, ikasle eta ikasle ohiek MAIko baliabide desberdinak dituzte eskura: egin beharrekoak garatzeko bulego, ekipamendu edo instalazioak erabiltzeko aukera, eta baita ekintzaileari bere negozio ideia enpresa bihurtzen lagunduko dion aholkularitza zerbitzu integrala ere.
Urrats Bat programaren bidez 20 enpresa proiekturen sorrera prozesuan lagundu du MAIk eta orain, beste apustu bat egin du enpresak sortzearen alde. Enpresa habia da hori.
Gaur egun, Ekolber eta Saiotek enpresak ari dira beraien negozioa martxan jartzen Amillagan kokatutako enpresa-haztegi horretan.
Baliabide berri horren inaugurazio ekitaldia antolatu du MAIk ekainaren 30erako. Erakunde eta enpresatako ordezkariak izango dira; tartean egongo dira Urrats Baten bidez sortu diren enpresak ere.
Inaugurazioa bi zatitan banatuko da: hasteko, 11:30ean, ekitaldia izango da Miguel Altuna Institutuan, eta ondoren, MAIko enpresa kabira joango dira (Amillaga kalea 47, Bergara) eta instalazioak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da. Horretarako autobus zerbitzua egongo da.