Zubieta eta San Lorentzo kaleen artean dagoen Mugertza kalean dagoen eraikin bat eraitsiko dute datorren astean. Hain zuzen, errepidea estutzen den puntuan dago etxea. Martitzenean, hilak 28, hasiko dira lanekin Ugartetxe enpresako langileak.
Amiantoa kentzea
Egun horretan, baina, ez dira eraisten hasiko. Izan ere, eraikinaren goiko aldean amiantoa dago, minbizia sor dezakeen material arriskutsua; beraz, egun horretan espezialistek material hori erretiratzeko lanetan jardungo dute. Aurrerago, berriz, eraiste lanei ekingo diete.
Bidea zabaldu
Eraikina eraitsitakoan, gunean beste lan batzuk egiteko asmoa dutela azaldu Elena Lete alkateak. Hala, bidea zabalduko dute, eta ez da semaforo beharrik egongo, autoak bi zentzuetan pasatu ahal izango direlako. Oinezkoendako ere pasabidea zabalduko da. Alkateak nabarmendu du "kale honentzat zein herriarentzat" onuragarria izango dela, eta "segurtasuna bermatu" egingo dela. Gerora begira, etxebizitzak egiteko obra egin ahal izango da.
Bizilagunekin akordioa
Ugartetxeko Gorka Aranegik azaldu du etxeko bizilagunekin pribatuen arteko permuta erako akordio batera iritsi direla, bizilagun horiek Lorentxokoko etxeetara joan direlarik.