Hilabete oparoa izaten ari da ekaina Bergarako gaztetxean; izan ere, 16. urteurrena ospatzen dihardute. Horren baitan, biharkoa izango da egun handia, gaztetxe eguna egingo baitute.
Horren aurretik, gau erotikoa izango da gaur, Martxanterak talde feministak antolatuta. Hala, 20:00etan Mantazpitik poesia musikatuen saioa izango da Soraluzeko Korner Morea taldeko kideen eskutik. Bukatzean, "piskolabis parte hartzailea" egingo dute, eta 22:30ean, berriz, Sexijentziak askatuz clown antzezlana izango da.
Gaztetxe eguna
Biharko gaztetxe egunari ekingo diote dagoeneko ohitura bilakatu den pati-poteo-mozorro-musikatuarekin, 11:00etan.
Gero, bazkaria izango dute (14:30ean), eta arratsaldean, berriz, Traka-traka elektrotxaranga kaleetan zehar ibiliko da. Gauean, 22:30ean, 30 urte baino gehiagoko ibilbidea duen Potato ska-reggae talde mitikoak kontzertua eskainiko du. Segidan, DJak izango dira: DJ Elvis Caino AKA Plinio Garum vs DJ Angiolillo. Ordu txikiak arte luzatuko da jaia.
Ekintza oparoak
Egunotan hainbat ekintza antolatu dituzte gaztetxean. Nabarmentzekoen artean, egubakoitzeko bertso saioa, areto nagusia bete zuena. Bestalde, zapatuan auzolana egin zuten gaztetxea txukundu eta garbitzeko, eta 40 pertsona baino gehiago batu ziren.