San Martzial, erromeria iraunkorragoa helburu

Julen Iriondo 2016ko eka. 17a, 12:48

Biharamun-argazki deigarriak utzi ohi ditu jaiak ingurune naturalean. Aurten ere hartu dituzte zenbait neurri hondakinak prebenitzeko.

Bergaran tradizio eta indar handiko erromeria da San Martzialekoa, ekainaren 30a –santuaren eguna– osteko domekan izen bereko ermitaren inguruan egin ohi dena; eta aspalditxoan tradizio bihurtua da, baita ere, jaiak biharamunean ingurune natural hartan utzi ohi duen panorama, bertan botata utzitako hondakinek sortzen dutena, batez ere.

Hondakinak murrizteko eta horien kudeaketarako, Bergarako Udalak zenbait neurri berri hartu ditu aurten: honela, mahaiak eta aulkiak alokatzearekin batera, mahai bakoitzeko zortzi edalontzi berrerabilgarri eta hondakinak gaika biltzeko poltsak banatzen ari dira –egunean bertan txosnetan ere eskuratu ahal izango dira–, eta edukiontzien puntu bat gehiago ere jarriko dute: "Jaia bukatu ondoren, eta San Martzial zegoen egoeran garbi uzteko, hondakinak bilketa gunera eraman beharko dira, egoki sailkatuta", diote Udaletik.

Hondakinekin sortu ohi den egoerak hor jarraitzen du –iazko argazkietan ikus daitekeen bezala–, baina Obra eta Zerbitzu batzordeko buru Lander Arregik nabarmentzen du erromeria egunean gertatzen diren kalteak, gaur egun, ez direla, behintzat, egiturazkoak, "azken urteetan ingurumena babesteko egindako lanak emaitza dezente" eman dituelako; "hobekuntza izugarria" izan dela dio: Arregik gogora dakar lehen terrazak egin ohi zituztela, sua lurrean egiten zela, zuhaitzetako adarrak moztu, egurra bildu...

Salbuespenen bat izaten da oraindik; iaz, adibidez, kuadrilla batekin "arazo txiki bat" izan zela dio zinegotziak: "Sua egin zuten lurrean, eta aitzurrekin terraza luzatu apur bat"; kaltearen ordainetan, kuadrilla horrek lan sozial bat egin behar izan zuen San Martin jaietan. Egindakoaren ondoren, kuadrilla hartakoek jarrera ona erakutsi zutela eta gauza "konpondu" zela dio Obra eta Zerbitzuetako buruak.

Mendia Bizirik-en aldarria

Aurtengorako hartutako neurriak "azken urte askotan egindako lanaren jarraipena" direla dio Lander Arregik. Izan ere, urteak dira, adibidez, Mendia Bizirik taldea –Pol-Pol barrukoa– ingurune natural harekiko errespetuzko jarrera lortzeko lanean jardun zela, taldearen aldarrikapenak Udalak bere egin zituela ikusi zuten arte; hain justu, aurreko agintaldian Udalak arau eta debeku sorta jasotzen dituen bandoa osatu zuen.

San Martzialekiko Mendia Bizirik taldearen aldarria, ordea, ez zen mugatu erromeria egunera; duela hamar urte, Udalak ingurua berreskuratzeko eta biodibertsitatea babesteko aktuazio garrantzitsu bat egin zuen; hori euren eskaria ere izan zela dakarte gogora Mendia Bizirik taldetik.

Alderdien arteko bilerak

Orainaldira itzulita, erromeria eguna gertu dela –uztailaren 3an izango da aurten–, gaia esku artean darabilte udalbatzako alderdietako ordezkariek; gaia aztertzeko bilera bat egin dute, eta dagokion batzordean ere jorratu dute. Irabaziko Aiert Lizarraldek txosten bat aurkeztu zuen duela zenbait  aste, hainbat neurri proposatuz; EH Bildutik ere garrantzitsu jotzen dute gaia, eta aurtengotik harantzago festa iraunkorragoak lortze aldera lanean jarraitu beharra nabarmendu dute.

Gertukoena uztailaren 3koa da-eta, amaitzeko Lander Arregiren mezua: "Jendeari gogorarazi behar diogu baietz, jai bat dela, baina arduratsu jokatu behar dugula inguruarekiko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak