"Koherentzia" eta "parte-hartzea" nabarmendu ditu Bergarako Udal Gobernuak urteurreneko balorazioan

Julen Iriondo 2016ko eka. 13a, 17:43

Parte-hartzearen gaia gai transbertsal moduan jorratzen ari direla azpimarratu du Elena Lete alkateak. Koherentzia nabarmentzerakoan, berriz, Letek esan du oposizio zirenean eta kanpainan, bietan, esandakoei jarraitu diotela Gobernuaren urtebete honetan.

Alkateak esan du, koherentzia horrek, besteak beste, erraztu zuela alkatea aldatu beharrarekin sortutako egoera: “Alkate baten aldaketa inoiz ez da erraza, baina guk harro esaten dugu atzera pausorik eta geldialdirik ez dela egon, eta ez dela egon koherentzia horrekin jarraitu dugulako lanean, talde oso baten lanak lagundu duelako atzera pausorik ez zedin izan, alkate ohiaren ekarpena eta laguntza momentu guztietan agerian izan dugulako”. Eta Gobernuko bi alderdien babesagatik, gehitu du alkateak.

Letek azpimarratu duen bestea, Gobernuak parte-hartzeari eman dion garrantzia, parte-hartzea gai "transbertsal" moduan. Parte-hartzea arlo politikoan, bozeramaileen mahaia sortuz, adibidez: “Bergarako Udalean lehenengo bozeramaileen mahai da; oraindik ez dugu egitura sendotu, baina lau alderdietako ordezkariak hasi gara biltzen, egutegi bat daukagu horretarako, eta denok gaiak proposatu eta aztertzen ditugu”.

Herritarren parte-hartzeari dagokionez, berriz, hondakinen gaineko herri galdeketa, Seminarioko aretoko prozesua, Zubietako urbanizazioari buruzko bilerak, Ipintzako harmailen gainekoa edo Labegaraietako kirol gunearen gainean eta landa auzoetan egitekoak direna aipatu ditu alkateak.

Era berean, azpimarratu du sortu dituztela gune finkoak eragileen ekarpenetarako eta parte-hartzerako: kultura batzarra, kirol eragileen batzarra eta gizarte eragileena. Azkenekoari dagokionez, Berdintasunaren Mahaia sortzeko lehen urratsak egin dituztela jakinarazi du. Horrez gain, sustapen ekonomikorako Berelan eta Enpresare foroak dituztela gogora ekarri du, eta Bergara Bizi ekimenarekin elkarlanean ari direla merkatariekin.

Urtebete honetan ezustekoei erantzuteko hartutako erabakiak ere nabarmendu ditu, Errekalde jauregiko hormarena, Espoloiko kioskoarena eta luiziek hondatutako baserri bideen gainekoak, adibidez.

Eta legealdi osorako Udalak diru-laguntzen plan estrategiko bat eta bakarra izatea ere azpimarratu du: “Hor nabarmen geratzen da ze arlo sustatu nahi dugun, gizarteak ze eskatu digun eta ze diru-laguntza bideratzen ditugun horretarako”.

Eta beste bi gauza: Udala administrazio elektroniko izatera bidean azpiegitura informatikoetan egindako hobekuntzak, eta energia eraginkortasunerako, eraikinetan eta argiterian, hartutako neurriak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak