Bost guneko zirkuitu "eroso, atsegin eta praktikoa" aurkeztu dute Kilometroak egunerako

Monika Belastegi Aranzabal 2016ko eka. 12a, 15:00

Demasa Garagardo Azoka gutxi balitz, gaur eguerdian bi ekintza garrantzitsu izan dituzte Bergaran Kilometroak 2016ren baitan: batetik, zirkuitua aurkeztu dute; bestetik, Kilometroak 2016 antolatzen diharduten herriko elkarte, talde eta eragileekin batera Herri Eragileen Eguna ospatu dute. 

Lau kilometro eta erdi inguru dituen zirkuitua aurkeztu dute, 2007an Bergaran Kilometroak egin zeneko zirkuituan oinarritutakoa eta haren ibilbide oso antzekoa duena. Bost gune izango ditu: lehen gunea Aranzadiko jolas lekua izango da; bigarrena, Espoloia; hirugarrena, Labegaraietako kiroldegi ingurua; laugarrena, Matxiategiko hilerri ondoko aparkalekua; eta bosgarrena, Oxirondo-Usondo ingurua.

Antolatzaileek "eroso, atsegin eta praktiko" gisa definitu dute eta hein handi batean laua denez, "ahalegin txikia" eskatuko diena herritarrei, segurtasun neurri guztiak betetzeaz gainera. 

Hiru sarrera irteera izango ditu: Labegaraietan, Matxiategin eta Ibargaraiko autobus geltoki nagusian.

Bestalde, zirkuitu luzeagoa egin nahiko luketenendako Udalarekin batera alternatiba bat aztertzen ere ari direla aurreratu dute: "Goiko trenbidetik Toki Eder eta Basarte inguruan tarte bat gehitzeko aukera ikusten ari gara, baina oraindik segurtasun bermeak aztertzen dihardugu".  

Azpimarratzekoa da, zirkuitua zehazteko orduan inklusibitateari garrantzia handia eman diotela. Hori horrela, Aspacekoekin ibilbidea aztertu eta gero, Gabiriako aldapa ekidite aldera, mugikortasun arazoak dituztenendako alternatiba aztertzen ari direla esan dute.

Balioak lantzeko espazioa

Kilometroak 2016ko antolakuntzak oso garbi dauka zirkuitua balioak lantzeko espazioa ere izan behar dela, bereziki balio bi: prebentzioa eta jasangarritasuna. Hori horrela, alkoholaren prebentziorako zirkuitu aproposa dela uste dute eta baita parekidetasunaren aldekoa ere. 

Jasangarritasunari dagokionez, zirkuitua hirigunean kokatuta egotea hondakinak kudeatzerako orduan lagungarria izango dela azaldu dute. Hala ere, Gutxitu, Berrerabili, Birziklatu leloa erabilita herritarrei urriaren 2an arduratsu izan daitezen eskatu diete, garbiena gutxien zikintzen duena dela gogoratuaz. 

Herri Eragileen Eguna

Herri Eragileen Eguna ere ospatu dute goizean. Aurten, Kilometroak 2016k, parte-hartzean sakontzeko hautua egin zuen. "Jaia herritarrentzat antolatu beharrean, herritarrekin antolatzea da helburua", azaldu dute.

Horretarako, parte-hartze prozesu bat jarri zen abian, eta herriko eragile gehientsuenekin bildu zen Kilometroak 2016, "gure proiektua azaldu, eta elkarrekin, talde bakoitzaren ideia eta proposamenak aurrera atera nahian", esan dute arduradunek.

Hainbat ekimen atera dira parte-hartze prozesu honetatik, Taila Eskolaren Demasa logo erraldoia, esaterako, eta baita ekainaren 8an, Aranzadi Ikastolan egin zen odol ateraldia ere.

Bada Herri Eragileen Eguna ere ekimena horren emaitza izan da. Bergarako hainbat talde bildu dara bertan, 20 bat: Aspace, DYA, Buztinzaleak, San Joxepe, Airez taldea, Taila Eskola...

Bertan hainbat tailer egon dira, eta talde eragileek, euren jarduna kalera ateratzeko aukera izan dute Seminarioko jolas lekuan. Haur, gazte eta heldu, guztiek ondo pasatzeko aukera izan dute bertan.

Ekimenari amaiera emateko, Kilometroak 2016k oroigarria eman die eragile guztiei euren inplikazioa eskertzeko asmoz.

 

Erlazionatuak

"Garagardo Azokaren aurreikuspenak gainditu egin dira"

Monika Belastegi Aranzabal 2016 eka 12 None

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak