Asier Garitanok (Bergara, 1969) gorenera eroan du Leganes hiru urtetan, Bigarren B mailatik hasita. Mirandesen aurka lortutako garaipenak (0-1) eman dio Lehen mailarako txartela. Mirandako Anduva futbol zelaian hainbat bergarar elkartu dira ligako azken partiduan, horien artean Garitanoren aita-ama, emaztea, eta lagun hurbilekoenak.
Osasuna izan daiteke Lehen mailara aurten igo dezakeen hirugarren taldea, gaur lortu ostean Oviedon (0-5) faseko playoffetarako txartela.
Lehenengo aldiz historian izango da Leganes taldea futbol ligaren goreneko mailan. 1928 urtean sortua, 1990eko hamarkadan nabarmendu zen, 1992-93 denboraldian historian lehen aldiz Bigarren mailara igotzea lortu zuelarik. 11 urtez egon zen zilarrezko mailan, 2003-04 denboraldian jaitsi zen arte. 2013-14 denboraldian lortu zuen berriro ere Bigarrenera igotzea Garitanoren eskutik eta hurrengo denboraldian mailari aise eutsi ostean, 2015-06 denboraldian lortu du Lehen mailara igotzea, denboraldi osoan goi-goian egon ostean.
Butarque Udal futbol zelaian jokatzen ditu etxeko partiduak Leganesek. 8.000 bat lagunentzako zelaia da. Reala bezala, txuri-urdina da Leganeseko lehen elastikoa, praka zuriekin.
Alaveseko entrenatzailearen bigarrena
Asier Garitanok, aurretik, Alicante, Castellon, Orihuela eta Alcoyano entrenatu ditu, Bigarren B eta Bigarren mailan, betiere. Hortaz, Leganesek karguan berresten badu, goi-goian aritzeko aukera izango du lehen aldiz bergararrak. Aipatzekoa da Jesus Bordalas gaur egungo Alaveseko entrenatzailearen bigarrena izan zela Alicanten eta Castellonek Tintin Marquez kargutik kendu zuenean, 2009-10 denboraldian, Valentziako taldearen entrenatzaile zela, Anoetan Realaren aurka jokatu zuela (0-0), Reala Bigarren mailan azkenekoz egon zenean.
Txikitatik Lezaman
Jokalari moduan, Bilbao Athleticen hasi zen. Lezamako harrobian gazte-gaztetatik aritua. Eibar, Cartagena, Cadiz, Gava, Ferroleko Racing, Burgos, Alicante eta Benidorm izan dira bergararren taldeak, betiere Hirugarren, Bigarren B eta Bigarren mailetan. Betidanik futbolari lotua, gazte-gaztetatik atera du bizimodua hortik. Alicanten 2010ean hasitako bidetik, gorenera heltzea lortu du gaur.
Leganes tiene 1 sueño diote madrildarrek. Gaur ametsa bete dute, bergarar batek gidatuta Lehen mailara igo dute, historian lehen aldiz.