Atxiki dezagun oraina topagune ibiltaria izan da gaur Bergarako gaztetxean. Bost urte pasa dira Joxemi Zumalabe fundazioa proiektu berritua eraikitzen hasi zenetik, herri mugimenduen gaineko gogoeta proiektua. Bada, urte horietan alboan izan dituztenekin egon gura izan dute eta horregatik aukeratu dute Bergarako gaztetxea topagune ibiltaria egiteko.
Goiz partean 40 bat lagun elkartu dira Irizar Jauregian gogoeta irekia egiteko: herri mugimenduen kultura politikoa aztergai: borroka moldeak norantz eta nola? izan dute aztergai. Horretarako, lau gonbidatu izan dituzte: Zigor Olaberria, Mauge Cañada, Itziar Gandarias eta Julen Zabalo. "Cañadak aliantza politikoen gainean hitz egin du, aukerak eta erronkak aztertuz; Gandariasek talde barruan dauden gatazkei nola heldu aztertu du eta Zabalok indarkeriaren inguruan hitz egin du", azaldu du Unai Txurrukak, fundazioko kideak.
Bazkaria eskualdeko produktuekin
Bazkaria izan dute ondoren gaztetxean. Eskualdeko baserritarrek hornitutako produktuak izan dituzte bazkaltzeko. Ondoren, Ane Labaka eta Amaia Iturriotz bertsotan aritu dira.
Arratsalde partean "ekitaldi xumea" egin dute, "fundazioaren proiektu berritua bideratu genuenean gurekin egon direnak eskertzeko".