Bukatu dituzte Elorregiko eta Aritzetako baserri bideen konponketa lanak

Maite Txintxurreta 2016ko mai. 26a, 14:27

Amaituta daude honezkero Bergaran Aritzeta auzoko Kerexatsu baserriaren ondoko bidea eta Elorregiko hilerrira doan bidea. Biak luizien ondorioz izan ziren kaltetuak, Aritzetakoa aurtengo martxoan eta Elorregikoa 2014ko azaroan.

Aurtengo martxoan izandako euriteen ondorioz, lurjausia gertatu zen Aritzeta auzoan, Kerexatsu baserriaren aurrean hain zuzen. Lehenengo luizaren ondorioz bidea oso kaltetuta geratu zen, zati bat erori egin zelarik. Geroago, baina, Udaleko langileak bidea nola konpondu aztertzen zebiltzaten bitartean, beste eurite bat izan zen eta bidea guztiz erori zen.

"Azterketa geoteknikoek erakutsi zuten harria oso sakonean zegoela, eta hor zegoen gure kezka nagusia. Orduan, uste genuen aurrekontua igo egingo zela eta konponbidea neketsua izango zela. Azkenean, zorte oso ona izan dugu eta uste baino era errazagoan bideratu dira lanak", azaldu du Elena Lete alkateak.

Hala, azkenik eraiki behar izan duten euste horma hasieran uste baino txikiagoa izan dela azaldu du. Ondorioz, ehun mila euro inguruko aurrekontua kalkulatu bazuten ere, azkenean lanen kostua hirurogei mila euro ingurukoa izan da.

Lan horiek bi fasetan burutu dira, lehenengoa urjentziazko fasea izan zen, bidea irekitzeko egin zena, eta bigarrena, berriz, lanen erremate fasea.

Elorregiko kanposanturako bidea

Elorregi auzoko hilerrira doan bidean ere kalte handiak sortu zituen iazko neguan lurjausi batek. Horregatik, errepide ondoko horma berreraiki dute, zoladura konpondu eta ubide berri bat jarri dute. Azken horrek izan du lanik handiena.

Lan horiek hiru hilabetez luzatu dira eta proiektuak 110.000 euro inguruko aurrekontua izan du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak