Hilaren 28an udaberriko festa bat egingo du herrian Bergara Bizi elkarteak iluntzeko 20:00etatik gaueko 23:00etara bitartean Oxirondo plazan. Alde batetik, moda pasarela egingo dute, eta hori ez da izango orain arte Bergaran egin dituzten desfile horien modukoa, beste itxura bat izango du, gertukoagoa izango da.
17 denda, 68 herritar
Moda pasarela horretan, guztira herriko 17 dendetako arropak, osagarriak eta zapatak erakutsiko dira. Bizpahiru ile-apaindegik ere parte hartuko dute, eta pasarelan 68 lagun ikusi ahal izango dira herriko dendetako jantziekin, denda bakoitzak 4 herritar jantziko dituelako.
Bertan aurkezten dituzten udaberri-udako arropak eta osagarriak, gero Oxirondoko plaza erdian saltzen jarriko dituzte, gaur egun, asko eramaten den pop-up estiloan.
Intentsitate baxuko argiak eta autokarabana pare bat ere jarriko dituzte giroa goxatzeko. Eta guztia Ninika lora-dendakoek apainduko dute. Plazak, beraz, itxura desberdina izango du egun horretan.
Herriko bi musika talderen musikak girotuko dute Udaberri Eguna; Diablues eta Bluecifer eta Arragoa taldeak. Eta horrez gain, pintxoak eta edatekoa ere izango dira ; pintxoak eta ardoak 2 euro balioko ditu eta pintxoak eta garagardoak 2,5 euro. Estilo horretako jaia egiten duten lehen aldia izango da Bergara Bizikoendako.
Elkartetik espero dute hilaren 28ko festan herritarrek parte hartzea eta harrera ona egitea ekimen berri horri.