Bihar, egubakoitza, hasiko dira Bergarako Pentekoste jaiak eta guztia prest dago jaiak eztanda egin dezan. Aurten txupina jaurtiko duena Gorka Rementeria izango da eta Atzegiko elkarteko kideen izenean jaurtiko du. Adierazi du pozik dagoela.
Eta Bergarako jaietako pertsonaia den Bitorianatxori bizia bosgarren urtez emango dion Blanca Narbaiza ere egubakoitza iristeko deseatzen dago. Adierazi du ezin dela hitzez azaldu mikrofonoa hartzen duen unean sentitzen duena.
Aurten ohi baino bi ordu lehenago agurtuko da hurrengo martitzenean Bitorianatxo, gaueko 22:00etan, baina momentu hori iritsi aurretik, ekintzaz betetako egitaraua izango dute Bergaran.
Toki aldaketak, eguraldiagatik
Iragarpenak dio eguraldiak okerrera egingo duela datozen egunotan, eta horrek, hainbat toki aldaketa ekarriko ditu. Kultura zinegotzi Maite Agirrek adierazi du, esaterako, biharko parrillada eta erromeria zuzenean egingo direla Seminarioko karpan, Oxirondon egin beharrean. Eta zapatuko pintura lehiaketa ere Seminarioko karpan egingo da. Baita herri bazkaria ere. Dagoeneko bazkarirako salgai zeuden 650 txartelak salduta daude gainera.
Erraldoien gunean, berriz, zapatuan goizeko 11:00etan egingo dira tailerrak Muniben eta Tostoi eta Erreileno erraldoi berrien aurkezpena arratsaldeko 18:00etan San Martin plazan egingo da, ondoren kalejira izango da kaleetan zehar. Euria egiten badu, berriz, udal pilotalekuan egingo da.
Guztia gertu dago, beraz, jaiak has daitezen, eta kultura zinegotziak eskerrak eman nahi izan dizkie jaiak antolatzen parte hartu duten guztiei eta herritarrei esan nahi izan die jaiez disfruta dezatela.