Eraitsi egingo dute Espoloiko kioskoa

Amaia Txintxurreta Guridi 2016ko mai. 9a, 16:20

Kultura zinegotzi Maite Agirre eta Elena Lete alkatea, eguerdian, kioskoaren aurreko aldean.

Udalak emergentziazko prozedura jarri du martxan eta bihar bertan hasiko dira eraiste lanak, Espoloiko kioskoak ez dituelako segurtasun neurriak betetzen. Burdinazko estruktura eta hormigoizko zutabeak asko mugitzen dira, eta horrekin, baita teilatua ere. Dagoeneko, hasi dira kioskoa inguratzen zituzten hesiak kentzen eta Pentekoste jaiak baino lehenago botako dute.

Egun Bergarako Udala, arkitekto talde batekin, Espoloirako aurreproiektu bat lantzen ari da Espoloiko kioskoaren eta jolaslekuaren urbanizazioaren gainekoa. Arkitekto horiek Espoloiko egoera zein den aztertu zuten, eta ikusitakoak ikusita, Udalari gomendatu zioten gainean pisu handirik ez jartzeko.

Bestetik, egunotan udal langileak kioskora ere bertaratu dira, Pentekoste jaietan ohikoa den herriko Musika Bandaren kontzertuko prestaketa lanekin hasteko. Eta horiek ere segituan ohartu ziren bai zutabeak eta baita teilatua ere mugitu egiten zirela, kontzerturako beharrezkoa den tarima osagarria egiturari lotzean.            
    
Segurtasun neurriak inondik inora betetzen ez direla ikusita, Udalak emergentziazko prozedura jarri du martxan eta bihar bertan hasiko dira eraiste lanekin.
    
Alkateak esan du pena dela kioskoa bota behar izatea, baina segurtasun neurriak derrigorrez hartu behar direla azpimarratu du. Hala ere, gaur kentzen hasi diren hesiak gorde egingo dituzte aurrerago, berriro erabiltzeko moduan izateko.

Hiru aurrekontu eskatu zituzten lanak egiteko, eta azkenean, Excavaciones Arrasate enpresari esleitu zaizkio lanak, 9.500 euroko aurrekontuarekin.

Pentekoste jaietako Udal Musika Bandaren kontzertua beherago jarriko duten agertokian egingo da.

Partaidetza prozesua

Aurrera begira, baina, badute asmoa beste kiosko bat jartzeko bertan. Ez dakite noiz, proiektua ez dagoelako garatuta, eta inguru osoko aurrelan bat besterik ez dutelako, baina asmoa dute gune horretako erabilerak partaidetza prozesu baten bitartez zehazteko.

1924ko kioskoa

Kioskoaren beheko zatia 1924an egin zen eta 26 urte geroago, 1950ean, zutabeak eta teilatua jarri ziren Raimundo Enecoteguik egindako proiektuarekin. Urte hartako maiatzaren 28an inauguratu zuten kioskoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak