Garaikoetxearen gobernuko Ekonomia eta Ogasun sailburu izan zen Pedro Luis Uriarte (Bilbo, 1943) eta 1980 urtean Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Ituna lortu zuen negoziazio batzordeko kide izan zen. Jaurlaritzan jardun zuen urteetan, autogobernuaren zimenduak ezartzeko lan eginez, eta euskal administrazio publikoa sortzen eta sendotzen lagundu zuen. Alor pribatuan, BBVA banketxeko lehendakariorde eta kontseilari izan da eta industrian, aholkularitzan eta berrikuntzan gauzatu du lan-ibilbidea. Deustuko Unibertsitateko komertzial-eko irakasle izan da eta kontzertu ekonomikoari buruzko dibulgazio-lan ugari argitaratu ditu.
Hain zuzen, autogobernuaren itunaren zabalkundean eta defentsan sutsuki jardun du Uriartek beti eta gaur egun gizarte zibilean akordio horren garrantzia ezagutzera emateko plataforma herrikoiaren kide eta sustatzailea da. Horrela, egueneko saioan, kontzertu ekonomikoak euskal gizarteari, hala ekonomikoki nola sozialki, zein onura ekarri dizkion azalduko du. Euskal klase politikoan adostasun gehien duen itun transbertsala dela dio Uriartek eta horixe defendatuko, partzialki ala osotasunean, zalantzan jartzen duten alderdien iritziei erantzunez.
Goienagusik antolatu du hitzaldia, Bergarako Udalaren laguntzarekin.