Txistularien soinuarekin eta Bergarako pilota eskolako gaztetxoen artetik joan da Beñat Rezusta aldageletatik frontoiaren erdira, Artola, Berasaluze eta Zubieta ondoan zituela. Dantzari batek aurreskua dantzatu die eta oroigarriak emateko txanda izan da horren segidan. Lehena udal ordezkarien eskutik jaso du Rezustak: Elena Lete alkatearen eta Igor Oiarbide kirol zinegotziaren eskutik. Ondoren, Reyes Azkoitiak plaka bat eman dio pilota eskolaren izenean eta Iñigo Zaitegik argazki bat Bergarako Kirol Elkartearen ordezkari moduan.
Partiduak
Omenaldiaren aurretik Aitor Mendizabal antzuolarrak Tainta pilotariaren aurka jokatu du. 22 eta 11 irabazi dio antzuolarrak eta promozioko finala jokatuko du Mendizabalek, Gorkaren kontra, hamabost egun barru.
Omenaldiaren ostean Rezustak jokatu du. Artola izan du aurrelari eta Berasaluzek eta Zubietak osatutako bikotea 22 eta 19 hartu dute mendean.