Politikagintzaren lehen lerroan egon ez arren azken hilabeteotan, saltsa askotan dabil Maite Aristegi bergararra, batez ere herriko kontuetan, Martxanterak talde feministan, Gure Esku Dago dinamikaren inguruan, eta ezker abertzaleak egin duen Abian prozesuaren bueltan, besteak beste. Baserritarra da eta baserriko lanetara itzuli da Madrilgo Kongresuan egon ostean. Hala ere, politika gertutik jarraitzen du, barruraino sartuta duelako politikaren harra. Horregatik azken legegintzaldiko kontuak tristura handiarekin jarraitu ditu.
Ondo baino hobeto ezagutzen du Madrilgo Kongresua. Ilusio handiarekin joan zirela orain dela ia bost urte dio Amaiur koalizioko kideak; etapa berri baten hasiera izan zelako, gainera, ETAk armak utzi ostean. Baina "horma zahar" batekin topo egin zuten.
Aldaketaren zain
Hori horrela, asko poztuko litzateke berriro deitu dituzten hauteskundeek aldaketa ekarriko balute. Baina hainbat arrisku daudela dio.
Aldaketarako, baina, herritarrak mugitu beharra dagoela dio eta herritarrak etsita sumatzen ditu; kalean bizi den egoerak ez duelako gero eraginik hautetsontzietan.
Aurten izango diren euskal Legebiltzarrerako hauteskundeek ere aldaketa ekartzea gurako luke.
Horren guztiaren eta gehiagoren gainean jardun du Aristegik Goienarekin, eta bihar argitaratuko den Puntua aldizkarian jaso ditu.