Ikastaroarekin hasteko, lehenik eta behin irakasleek erakustalditxo bat egin dute, eta horren ostean, ikastarora joandako emakumeen txanda izan da.
Jende kopuru handia zela eta, parte hartzaileak hiru taldetan banatu dira, eta gelaz txandakatzen joan dira, zirkuitu bat osatuz eta toki bakoitzean eraso mota bat nola geldiarazi ikasteko.
Gaurko ikastaroan, Bergarako emakumeez gain, inguruko hainbat herritatik etorritako askok ere hartu dute parte. Josean Iñarra irakasle bergararrak esan du maiatza inguruan antzeko beste saio bat antolatzeko asmoz daudela, erantzuna ikusita.
Ikastaroan izena ematea doan izan da, baina parte hartzaileei eskatu diete Bergarako Elikagai Bankurako elikagaiak eroan ditzaten. Hala, hainbat poltsa bete dituzte, eta Elikagai Bankuko boluntarioak pozik azaldu dira.