Aurretik eta ondoren ere ospatu eta aldarrikatuko da herrian Martxoaren 8a

Julen Iriondo 2016ko mar. 4a, 09:45

Hilabete osorako antolatutako egitarauaren barruan, ekintzaz beteta datorren aste hau izango da nagusia.

Martxanteretatik –Udalarekin, Jardunekin eta Auzokorekin antolatu dute egitaraua–, aipamen berezia egin nahi diete hilaren 7rako antolatutakoei: 18:30ean hasita, Bilgune Feministaren Gure genealogia feministak liburua aurkezteko hitzaldia egingo dute Irizar jauregian; horrez gain, baina, omenaldia egingo diete herriko ondorengo emakumeei: Lide Oregi, Mari Paz Alustiza, Mila Elortza, Anaje Narbaiza eta Arrate Bengoa (in memorian).

"Lehenengo biak Lan eta lan emakumea Bergaran liburutik hautatu ditugu, pasa den mendeko lanaren ordezkari gisa", azaldu dute, gehituz "Martxanterek ekindako bidearen hazia" haiek landatu zutela. Elortza, Narbaiza eta Bengoari dagokienez, berriz, "bakoitzak bere arloan egindako lanari aitortza" egin nahi diete, "gizarteari ekarpen handia" egin eta egiten diotela uste dute-eta: "Guztiak bide urratzaileak izan dira". Aukeratutakoak omendu ahal izango liratekeen guztien mostra bat baino ez direla argitu dute talde feministakoek, eta datozen urteetan omenaldiekin jarraituko dutela iragarri.

Bestalde, martxoaren 8rako antolatutako kalejiraren ardatza –19:00etan plazan– aldarrikapena izango dela azaldu dute, hiru gairi ikusgarritasuna emateko, bereziki: "Indarkeria sexista; emakumeak lan munduan: egoera eta eskubideak; intersekzionalitatea: sozialki zein kulturalki eraikitako zapalkuntzen aurrean (arrazismoa, sexismoa, klasea, orientazio sexuala), identitate desberdinei aitortza egin eta horiek onartzearen aldeko aldarria, zapalkuntza mota horiek ez baitira independenteak, elkarreraginaren bitartez desberdintasun sozial sistematikoa eragiten dutenak baizik".

Plazan amaituko da kalejira, eta bertan bertsoak, musika eta aldarrikapenak uztartuko dituzte. Ostean, luncha egingo dute Artatse elkartean.

Aurrez, baina, bihar –zapatua–, Bertsolaritzaren sekretuak. Ixilduriko emakumeen historia ikuskizuna izango da Zabalotegin, 20:00etan. XIX. mendeko emakume bertsolariei ahotsa eman nahi dien saioa da.

Bertsoarekin lotuta, baita ere, hilaren 9an Kapulana bat zintzilik izeneko emanaldia eskainiko du Miren Amurizak, Irizarren, 19.00etan. Bertso, testu eta ipuin bidez deskribatuko ditu Amurizak Mozambiken egindako egonaldiko bizipenak eta bertan ikusia, Eider Eibarren ilustrazioekin.
Martxanterak taldekoek, antolatutako ekintzetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei, "gizarte parekideago eta justuagoaren bidean, denon parte-hartzea ezinbestekoa baita".


Alderdien adierazpen adostua

Asteleheneko osoko bilkuran alderdi denek konpromisoa hartu zuten berdintasun mahaia sortzeko, herriko "emakume eta talde feministekin batera", eta baita 2017 eta 2019 artean Berdintasunerako aurrekontua urtetik urtera handiagoa edo berdina izateko. Zentzu honetan, Gobernuak 9.000 euro gehigarri bideratu zituen aurtengorako –29.000 dira denera–, azken orduan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak