Elorregiko kanposantura eta hainbat baserritara doan bidearen alboko horma konpontzen hasi dira. 2014ko azaroan lur-jausia izan zen han, eta hondatuta zegoen. "Errepide Sailarekin eta Ur Kontsortzioarekin egon ondoren proiektua egin da eta dagoeneko hasi dira lanak", jakinarazi du Elena Letek, Bergarako alkateak.
Bergarara eta Arrasatera doan errepidearen alboan dagoen euste-horma berregingo dute eta zoladura konpondu; baita bidearen azpian dagoen errekatxoa bideratu ere. Peru SL indusketa enpresa dabil horretan eta Tekniber enpresak darama obraren zuzendaritza. Lanen aurrekontua, ostera, 109.765 eurokoa da. Udalak uste du diru-laguntzaren bat jasoko duela Landa Garepenetik.
Zaintza berezia joan den aste bukaeran
Lanak joan den astean hasi zituzten: "Eguraldi dagokionez unerik txarrenean hasi ditugu lanak, eta aste bukaeran zaintza berezia egin diogu ondo dagoela ziurtatzeko. Errekak ur asko ekarri du baina ez da sortu arazorik", argitu du Letek. Euste-hormaren alboan dagoen bidea kanposantura doa; baita bi baserritara eta hainbat lur-sailetara ere. Bizilagunei ahalik eta eragozpen gutxien sortzen saiatuko direla jakinarazi dute. Hiru hilabete iraungo dute lanek, eguraldiak laguntzen badu behintzat.